Ingelesez Ikasteko Programaren (IIP-PAI) “iruzurra agerian uzteko” eta “bertatik irteteko bideak aztertzeko” jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean. Gaur egun, Nafarroako 100 ikastetxe baino gehiagotan oraindik derrigorrezkoa da programa polemiko hau.
Hasieratik irakasle, zuzendari, guraso eta sindikatuek kritikatua, UPNren Gobernuak Nafarroako ikastetxeetan sarturiko gola izan zen IIP-PAI, haurrek ingelesez ikasteko amua jarrita. Ordutik ibilbide polemikoa egin du programak eta oraindik ere derrigorrezkoa da 50 herri baino gehiagotan.
PAI-Free Jardunaldiak datozen bi ostegunetan egingo dira (otsailaren 3an eta otsailaren 10ean), Iruñeko San Frantzisko ikastetxean, 17:30ean.
“Hizkuntzak beste modu batean ere ikas daitezke”
“PAIren iruzurra” bistaratu asmoz, otsailaren 3an La chapuza del bilingüismo dokumentala proiektatuko dute eta ondoren solasaldia egingo dute dokumentalaren zuzendari Paco Serrano irakasle madrildarrak eta Richard Weyndling kazetari eskoziarrak, ingeleseko irakasleen prestatzailea izandakoa Iruñean. Madrilgo ingelesezko programa elebiaren eta Nafarroako PAIren arteko antzekotasunak izanen dira hizpide, “horiek inguratu dituen marketina, irakasleen eta familien desengainua, eragin dituen arazoak eta hori guztia sostengatu duen ideologia”. Atzerriko hizkuntzak beste modu batean ikas daitezkeela ere azpimarratuko dute, “gainerako curriculum arloak kaltetu gabe”.
“PAItik atera zaitezke”
Castejongo ikastetxea izan da PAI programatik ateratzea lortu duen Nafarroako lehena, eta horretarako ikastetxeak jarraitutako prozesua azalduko du Gemma Martinez eskolako zuzendariak, otsailaren 10ean. “PAItik ere ateratzen da, ez etsi” lelopean, PAIrekin gustura ez dauden hezkuntza komunitateei laguntzea da helburua, programa alboratzeko zer egin behar duten azalduz.