Oinherri Herri Hezitzaileen Sareak antolatuta, “Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik” jardunaldia egin dute Lekarozen, martxoaren 26an. “Herri hezitzailearen filosofian sakontzen jarraitzeko mugarria jarri dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Jardunaldiari hasiera emateko, Euskal Herriko hiru errealitate ezberdinetako esperientziak entzun dituzte: Baztandik Joseba Otondok instituzioek herritarren partaidetza sustatzean parte hartzen dutenen profilaz aritu da; Amaia Gabilondok eta Miren Errastik, Garaion proiektua ardatz harturik, eragile izatetik harago joateko beharraz aritu dira, beraien burua “traktore” gisa izendatuz; eta Xotil Natkek Zaldibiako “Ertzetik erdigunera” egitasmoa azaldu du, nonbaitera iritsi behar bada orain abiatu behar garela azpimarratuz.
Ondoren, Denise Najmanovich eta ARGIAko kolaboratzaile den Ula Iruretagoienaren arteko elkarrizketa mamitsua izan dute. Hari muturrei tiraka zenbait ideia problematizatu dira: erresilientzia, plangintza vs estrategia, zaintza, elkarbizitza, arkitektura parte-hartzailea…
"Hirigintza eraldatzailea: diskurtsotik praktikara” mahai-inguruan, Patxi Galarraga (Proiekta Urbes), Izaskun Soto (Hiritik At) eta Gorka Segurola (Juntura Koop) aritu dira. Hirigintza arloko “tekniko orojakileen rola gainditu eta kolaboratzera eta parte hartzera” animatu dute jendea, aliantzak bilatzera herrietako hezitzaileekin, osasun langileekin, zerbitzu sozialetakoekin... “Erremintak baditugu, baina hausnartu behar dugu nola erabili nahi ditugun. Ematen zaien erabileraren arabera asko aldatzen delako emaitza”. Parte-hartzearen inguruko kezkak ere mahai gainean jarri dituzte: nola jaso denen hitza? Jendarteko kolektibo batzuei ahotsa kentzen ari bagara eta baztertzen ari bagara sistematikoki? Nola nahi dugu guk antolatzen ditugun parte-hartze saioetan haiek parte hartzea?
Azkenik, Ula Iruretagoiena, Miki Lamedica eta Ane Almandozen Espazio-politiken eskuliburua irakurketa antzeztua izan dute entzungai bertaratuek. Feministaldia jaialdiko Kutsatu ediziorako prestatu zuten, arkitekturaren eta generoaren inguruan hitz egiteko.
Behetik gorako hirigintza
Jardunaldien izena daraman liburuxka ere aurkeztu dute. Hiritik At kooperatibako eta Oinherri elkarteko kideek sortu dute, elkarrekin. “Behetik gora eraiki nahi dugun hirigintza eredu berri bat proposatzen dugu liburuxkan. Herriak gertutasunetik, egunerokotasunetik eta haurtzaroak ematen digun txikitasunaren neurri politikotik birpentsatzeko proposamena osatu dugu”.