Guraso bananduen kasuan, batek besteari mantenu-pentsioa ordaintzeko agindua betetzen ez duenetarako diru-funtsa sortzea erabaki zuen Eusko Legebiltzarrak 2005ean, Berdintasunaren Legearen baitan. Hala, aldeetako batek kobratzen ez duen eta dagokion dirua jaso ahal izango luke, funtsaren bitartez. Funts hori, ordea, bederatzi urteren ostean oraindik ez da sortu.
Ordaindu gabeko mantenu-pentsioek gora egin dute azken urteotan. 2012an, EAEn 757 kasu iritsi ziren auzitegietara eta benetan ordaintzen ez diren pentsioen zati bat baino ez da hori, beste kasu asko ez baitira epaitegietara iristen.
EAEko Fiskaltzaren azken memorian adierazten denez, "krisi sistemiko larriaren ondorioz eman den pobretzeak dudarik gabe areagotu egin du delitua, ez soilik gora egiten dutelako ordaindu gabeko pentsioek, baita zorra ordaindu behar duenak pentsioa ordaintzeko nahikoa diru izan behar duelako ere".
Hala ere, urteak joan urteak etorri, 2005ean Berdintasun Legearen 45.2 artikuluan jasotako agindua, funtsa sortzearena, ez da bete. 2007an neurria progresiboki ezartzeko asmoa azaldu zuen Ibarretxe lehendakariak, eta Lopezen Gobernuak ere pentsioen ordezko funtsa iragarri zuen 2011ko Familia Planean, 2015era arte 3,4 milioi euroko inbertsioa zehaztuz.
Halaber, behin baino gehiagotan funtsaren beharra azpimarratu –eta eskatu– du Eusko Legebiltzarrak, baina funtsik sortu gabe jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak. Gainera, El País egunkariaren arabera, Jaurlaritzak gaur egun ez du kontu hau bere gai-zerrendan eta eztabaida ez dago bere lehentasunen artean.