argia.eus
INPRIMATU
Nobela beltz bat kometitzeko prest dagoen idazlearen bila ari dira Baztanen
  • Baztango Udalak hirugarrenez jarri du martxan (H)ilbeltza beka, urtero euskal nobela beltzaren astea antolatzen duen izen bereko elkartearekin eta Txalaparta argitaletxearekin elkarlanean. 6.000 euroko laguntza izango du bekaren irabazleak, asteazken honetan iragarri dutenez.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 30a
(H)ilbeltza beka aurkeztu dute asteazken honetan (argazkia: Xorroxin irratia).

2017an Miel A. Elustondok irabazi zuen eta argitaratu berri du Kezko bola batek itoak birikak; iaz berriz, Josu Baranbonesek –Patricia Highsmithen The Blunderer itzultzen ari da–. Nor izango da aurtengo irabazlea? Euskarazko nobela beltza sustatzeko asmoz Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak martxan jarri duten (H)ilbeltza beka hirugarren ediziora iritsi da.

6.000 euroko diru-laguntza da, beka eskuratzen duen idazleak urtebetean euskarazko eleberri beltz bat osatu dezan. Diru horren erdia bekaren irabazlea ezagutarazi bezain pronto emango zaio irabazleari eta beste erdia berriz testua amaitzen duenean.  

Bekara aurkeztu nahi dutenek narratiba-lanen proiektuak aurkeztu beharko dituzte (nobelak edo ipuin-bildumak) bi gutun-azaletan: lehenbizikoan landu nahi den kontakizunaren azalpena egin beharko da 2-4 orrialdetan, baita idazlanaren lagin bat entregatu ere, 30.000 karaktere ingurukoa. Bigarren gutun-azalean berriz, egilearen nortasun-agiriaren kopia eta banku-datuak sartu beharko dira –xehetasunak Baztango Udalaren webgunean kontsultatu daitezke–.

Aurkeztutako egitasmo guztien artean, hiru lagunek osatutako epaimahai batek erabakiko du proiektu irabazlea zein den –Joseba Otondo Baztango Udalaren izenean; Jon Jimenez Txalapartaren izenean; eta Castillo Suarez, (H)ilbeltza elkartearen izenean–, proiektua genero beltzekoa izango dela ziurtatuz eta lanaren originaltasun eta kalitatea aintzat hartuz.

Ekimenaren bidez, azken urteetan Baztanen indarra hartzen ari den nobela beltzarekiko zaletasunari bultzada eman nahi zaio, baita generoak euskal literaturan daukan tokia aldarrikatu ere. Aurten bosgarren ediziora iritsi den (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea eta euskal letren panoraman ezinbesteko zita bihurtu da jada.