argia.eus
INPRIMATU
Nobel saria jaso du ICANek Oslon arma atomikoen debekua lortzeko lanagatik
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko abenduaren 11
Ezkerretik hasita, Nobel batzordearen ordezkaria eta saria jasotzen ICANeko Satsuko Thurlow eta Beatrice Fihn. (Argazkia: Nobel Prize)

Mundu osoko 98 herrialdetako 440 gizarte erakundek osatzen duten ICAN Arma Nuklearrak Debekatzeko Nazioarteko Kanpaina koalizioa justu urte honetan ari da lortu nahian Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko lege bihurtzea arma atomikoen debekua. Orain artean 122 sinatu dute iazko abendutik negoziatzen aritu diren proposamena. Paradoxikoki, Nobel sariak ematen dituen Noruegak berak ez du sinatu nahi izan debekua, OTANeko gainerako potentziek –Espainia eta Frantzia barne– eta bonba atomikoa daukatenek –Txina, Errusia, India, Israel...– sinatu ez duten moduan.

Nobel sariak ematen dituen batzordeak adierazi duenez, "ICANek jasoko du saria hainbeste lan egin izanagatik arma nuklearren erabilerak ekar dezakeen hondamendi humanitarioaz ohartarazten eta aitzindari lana egin duelako arma horien debeku-ituna lortzeko bidean".

ICANen izenean saria hartzera erakundearen idazkari nagusi Beatrice Fihn batera azaldu da Setsuko Thurlow japoniarra, Hiroshiman AEBek lehen bonba atomikoa lehertu zutenean oso hurbil egon arren bizirautea lortu ondoren arma nuklearren kontrako ekintzaile nabarmena izan dena. "Erori ondoren altxatu egin gara –esan du–  eta esan dugu: ezin dira elkarrekin bizi gizadia eta arma nuklearrak. Arma nuklearren garatzeak ez du nazio bat bere handitasunera jasotzen, baina hondoratzen du txarkeriaren amildegi ilunenera. Arma horiek ez dira beharrezko gaiztakeria bat, gaiztakeriarik handiena baizik. Lortu dezagun hau izatea arma atomikoen amaieraren hasiera".

Bakearen Nobel saria emateko hitzaldi guztiak ikus-entzun daitezke antolatzaileen bideo honetan: