argia.eus
INPRIMATU
Noaingo Batailaren 500. urteurren ekitaldia uztailaren 4an izango da
  • Noaingo Batailaren 500. urteurrena ospatzeko plataformak (1521-2021) sare sozialetan argitaratu duenez, Getze Kontzejuarekin eta Galarreko Udalarekin akordioa lortu dute eta ekitaldia uztailaren 4an egingo da. Ekainaren 26rako aurreikusitako programari eutsiko diote. Plataformak ekitaldia bertan behera utzi zuen Vox alderdiak egun eta leku bererako deialdia egin zuelako.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 28a
Noaingo Batailaren urteurreneko ekitaldia, 2020. Argazkia: Ahotsa.info

Noaingo Bataila elkarteak urtero antolatzen du borroka gogoratzeko ekitaldia, baina aurten, Getzeko udalbatzak gunea erabiltzeko baimena ezeztatu zien elkarteari zein alderdi politikoari. Azaldu zuten bietako baten eskaria onartzeak arazoak sortuko zituzkeela. Vox alderdiak ekitaldia iragarri zuen batailaren 500. urteurrenaren egunean, gudaren oroitarria kokatuta dagoen leku berean.

Voxek deialdia mantendu eta ekitaldia egin du ekainaren 26an. Noaingo Bataila plataformakoek sare sozialetan eskertu dute Voxen probokazioan erori ez izana; izan ere, Noaingo Batailaren monumentuaren inguruan 20 pertsona baino ez ziren bildu, dozenaka guardia zibilen babesarekin, eta uztailaren 4ko ekitaldiak tokiko agintarien oniritzia eta baimena duela azpimarratu dute.

Ahotsa.info hedabideak jaso duenez, Noaingo Bataila plataformak aurreikusitako egitarauari eutsiko dio. 10:00etan hasiko da eta Getzera doazenei ongietorria egingo zaie. 10:30ean hasiko da Joxe Ulibarrenaren monumentura igoera eta 11:30ean lore eskaintza egingo da eta Itxaro Borda idazleak pregoia irakurriko du. 12:00etan janaurrekoa eskainiko zaie aurrez izena eman dutenei.