Noaingo bataila, Amaiur eta Hondarribiaren defentsa


2024ko ekainaren 20an - 14:29

Jauntxoak eta eliza komuneroen aurkako gerran bete-betean sartuta zirela, 1521ean, Nafarroako Enrike II.ak bere koinatu Frantziako Frantzisko I. erregearen laguntza lortu zuen Gaztelak bederatzi urte lehenago inbaditu, konkistatu eta okupatutako Nafarroako erresuma berreskuratzeko.

Lehendik ere Enrike II.aren gurasoak Joan Albret eta Foixko Katalinak makina bat aldiz saiatu ziren Gaztelarrak Nafarroatik bidaltzen; baina, 1521ekoa zirudien “oraingoan bai” esateko modukoa. Enrike semea errege zela eta bere zerbitzura jarritako nafar eta Biarnoko osteei frantsesen laguntza “epela” gehituta garaile izan ziren Iruñeko ateetaraino. Hiriburuko jende leialaren laguntzaz, gaztelarrentzat defendatzen zuen Ignazio Loiolakoa zauritu eta Iruñeko erresumaren azken gotorlekura iritsi ziren, Logroñori setioa jarrita.

Villalarreko porrotaren ondoren, ahulduta komuneroak eta Gaztelako nobleek, elizak eta enperadore berriaren tropak landalurreko nekazariak lehen lerroan jarrita, atzerarazi zituzten nafar-frantsesak. Karlos V.a zen Inperio Sakratuaren Enperadorea, Felipe Habsburgokoaren eta Gaztelako Juana I.aren semea. Ganten jaioa zen, Belgika iparraldean, gaztelaniaz tutik jakin ez arren amaren sena eta amorrazio inperiala jaso zituen. Berak eta bere tropa alemaniarrak gidatu zuten Nafarroa desagerrarazteko azken aurreko batailak: Noain, 1521ean, Amaiur 1522an eta Hondarribia 1524an. Erresumak Nafarroa Beherean bizirik jarraitu zuen.

Zenbakien desberdintasun handia
Nafarroako Erresuma 1620an desagertu zen Europako estatu subiranoen zerrendatik, baina euskalnafarrak ez dira izan ez erauziak, ez asimilatuak eta are eta gutxiago betirako garaituak

Kolpe handiena 1521ean jaso zen. Gudua Ezkiroz, Erreniaga eta Noaingo zelaien artean jokatu zen. Gaztelako kondestableak zuzendutako kontraerasoa 30.000 soldaduz osatua zegoen eta nafar-bearnesak apenas 8.000. Gutxirako balio izan zuten defentsarako kanoi astunak eta eliteko frantses jendarmeak, are gutxiago haiek diziplina hautsi eta lerrotik ihes egin zutenean. Nafar-gaskoi tropen 5.000 lagun hilda utzi zituen, Gaztelarrak ez dago garbi, baina gutxi.

Salbatu ziren nafar gutxiek mendialdeko bidea hartu behar izan zuten, Iruñea inbaditzaileen eskura erori zen berriro eta Enrike II.a berak eta bere leialek Pirinioetako bortuz bestaldeko haranetan antolatu zuten erresistentzia.

Handik urtebetera, 1522an, ehundik gorako nafar leialek Amaiur gaztelua hartu zuten Jaime Belaz Medrano kapitainaren agindupean. Gaztelarrek gaztelua setiatu zuten eta hamasei kanoi espainiarrek gaztelua bonbardatu zuten eguna joan eguna etorri. Espainiarrak ez izateko borrokatzen zuten haiek ezin izan zuten ezer egin etsaiaren indarraren aurrean.

Karlos V.a enperadoreak frantziarren kontrako erasoa antolatu zuen 1523-24ko neguan. Alabaina, Europan porrot egin eta bere armadaren hondarrak Hondarribia blokeatzera bidali zituen. 1524ko otsailean frantsesek hiria utzi zuten, hortaz, nafarrak bakarrik geratu ziren Petri Nafarroakoaren izen bereko semearen agindutara. Hondarribia 1524ko apirilaren 29an errenditu zen espainolen aurrean, 824. urtean erresuma sortu eta handik 700 urtetara. Nafarroako Erresuma 1620an desagertu zen Europako estatu subiranoen zerrendatik, baina euskalnafarrak ez dira izan ez erauziak, ez asimilatuak eta are eta gutxiago betirako garaituak.

Beñi Agirre Oiartzabal, idazlea eta historialaria

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Eguneraketa berriak daude