Noa abeslari israeldarrak erantzun egin die Gasteizen eskaini behar duen kontzertuaren harira gutun irekia idatzi zioten Euskal Herriko hainbat kulturgileri. Palestinako lurren okupazioaren eta kolonien kontra agertzen da, baita errefuxiatuen arazoari "irtenbide justu bat" ematearen alde ere. Israeli Boikot nazioarteko kanpainaren jomuga izan da hainbat aldiz Noa.
Palestinak bizi duen egoeraz kezkatuta Euskal Herriko hainbat kulturgile eta akademikok idatzitako gutunaren erantzuna asteazkenean jaso zuen ekimen honen bultzaile Biladi Hadi taldeak. Abeslariak era adeitsuan idatzitako bi orriko eskutitzean eskertzen du sinatzaileek dituzten galderak berari zuzenean bidali izana eta aldez aurretik bera epaitu ez izana "beste erakunde batzuek egiten duten gisan".
Eskutitzaren amaieran Gasteizen izango den egunetan berarekin elkartu eta elkar ezagutzeko gonbidapena luzatu die sinatu dutenei. Ekimen honen antolatzaileek datozen egunetan zabalduko dute Noaren erantzunari buruzko balorazioa.
Noari igorritako gutunean nazioarteko giza eskubideak oinarri dituzten hiru galdera luzatu zizkioten: Israelen bizi diren palestinarren bazterketa estrukturalaz, Gaza eta Zisjordaniaren okupazio militarraz eta milioika errefuxiatu palestinarren itzultzeko eskubideaz.
Horri erantzunez Genevako nazioarteko hitzarmenarekin bat egiten duela aitortzen du Noak. Palestina eta Israelen arteko gatazkarekin amaitzeko hitzarmen horrek jasotzen dituen neurrien artean hauek kolonia eta errefuxiatuen aferei dagokienak jasotzen dira. Hau da, Isralego koloniak eta Palestinako lurren okupazio militarraren salaketa eta errefuxiatu palestinarren etxeratzeko edo nolabaiteko konpentsazioren bat jasotzeko eskubidea jasotzen ditu. Israelen bizi diren palestinarren statusa, nazioarteko talde askok Aparheid gisa izendatua, ez du aipatzen.
Noaren eskutitza ingelesez hemen da irakurgai.