argia.eus
INPRIMATU
Niveak eta Pepsik iragarki bana erretiratu dute arrazismoagatik polemika eragin ostean
  • Niveak eta Pepsik iragarki kanpainak argitaratu eta handik gutxira kendu egin dituzte. Bi konpainien iragarkiak arrazistatzat jo dituzte askok, eta sumindura eragin dute sare sozialetan.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 06a
Pepsiren iragarkiko irudi bat.

Niveak arropan mantxarik uzten ez duen desodorante bat iragarri nahi zuen, eta Ekialde Hurbilerako egin duten kanpainan emakume bat agertzen bizkarrez eta albornoz txuri bat duen duela. White is purity (Zuria purutasuna da) esaldia zeraman iragarkiak.

20minutos komunikabidearen arabera, eskuin muturreko talde eta banako asko beren aldarrikapenak zabaltzeko erabiltzen hasi ziren iragarkia, eta horrek areagotu egin ditu kanpainaren kontrako kritikak.

Pepsiren kasuan, Black Lives Matter mugimenduaren irudiak baliatu ditu bere produktua iragartzeko. Iragarkian, emakume bat manifestari talde bati batzen zaio, eta bukaeran, irmo agertzen den polizia bati ematen dio freskagarria; azken horrek irribarre egiten du.

Sareetako erabiltzaile askok iragarkia kritikatu dute, arrazismoaren kontrako borroka banalizatzen duelakoan.

Iragarkiko irudiak antza handia dauka Ieshia Evansen argazkiarekin. Ospe handia hartu zuen Alton Sterlingen hilketaren ondoren Baton Rougen izan ziren protestetan Evans atxilotu zuten unearen irudiak.

 

 

 

Ieshia Evansen atxiloketa.