argia.eus
INPRIMATU
Niri zer axola zait gure mendian zomorro hori desagertzen bada?
  • Gure zibilizazioa energia eta materialen krisiagatik kinka larrian eta aldiz, herrietan sortu berri diren taldeak zentral eolikoak mendietan jartzeko erreparoz, zer eta bertan kakalardoak edo saguzarrak bizi direlako? Tabernako kalakan, horiek "aitzakiak" edo "apetak" dira, herritar askoren iritzirako.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2023ko maiatzaren 10a
Miru gorria. Argazkia: BeƱat Ibarbia Oiartzabal.

Aitor Leiza Itsas Enara elkarteko kideak hegaztiez eta zentral eolikoek hauengan duten eraginaz hitzaldia eman zuen Zizurkilen maiatzaren 2an, Andatza-Ezkeltzu Bizirik! taldeak antolatuta. Hauxe erantzuten dio "niri zomorro hori bost" esaten dionari: "Ba al dakigu galzorian dagoen zomorro horrek zer eragin daukan landareengan? Adibidez, argi ikusten dugu erleekin: erleak desagertzen ari dira, eta erleak desagertzen badira polinizazioa galduko da eta ez dugu hainbeste fruiturik izango. Zomorro batek zer eragin izan dezakeen ez badakigu, ez genuke galtzen utzi behar, arriskuan dagoela jakinda".

Aitziber Sarobe biologoak ere hitzaldia eman zuen Zizurkilen apirilean eta zera adierazi zuen: "Ez da neurtu oraindik onartu gabe dagoen Jaurlaritzaren Lurralde Plan Sektoriala (LPS) osorik garatzeak izango lukeen ingurumen eragina. Proiektu bakoitzari ingurumen baimena eman edo ez aztertzen da, baina ez dago begirada orokorrik. LPS osoa gauzatuko balitz ere, EAEn 70 zentral eolikotik gora jarrita, egungo energia kontsumoaren %40 soilik hornituko genuke. Eta horretarako, sekulako erasoa egiten ari gara naturari. Krisi energetikoaren aterabideak ezin du izan biodibertsitatearen eta ondare naturalaren galera, zeren eta horrek are krisi handiago batera eramango gaitu. Hori erakutsi digu COVID-19ak. Gu ez gara naturatik aparte bizi garen bizidunak, gu sistema bizidunaren parte gara. Gure ingurune naturalaren menpeko gara eta ez dakigu noraino. Ez dakigu ingurune natural horretatik zenbat pieza kendu ditzakegun animalia gisa gure biziraupena zalantzan jarri gabe. Dakiguna da gaur planeta honetan bizi garen bizidun guztiek elkarrekin eboluzionatu dugula. Denok iritsi gara garai honetara elkarrekiko harremanetan. Eta ez ditugu harreman horiek ezagutzen. Ordu asko pasatu ditugu ikertzen baina ez gara iristen sistema horren ulermenera, bizitza oso sistema konplexua da".

Nafarroan zentral eolikoek 8.900 hegazti baino gehiago hil dituzte

Hemen, laburrean, Sustrai Erakuntzak Bioaniztasuna Nafarroan, galtzeko arriskuan den bizi-baliabidea txostenean jaso dituen hainbat datu.