argia.eus
INPRIMATU
“Nire laguna Guardia Zibilaren erasoarengatik hil da”
  • Afrikako hainbat herrialdetatik joandako 400 lagun inguru Espainiako Estatuko muga gurutzatzen saiatu ziren atzo. 13 hil dira gutxienez, Guardia Zibilak istiluen kontrako materialarekin egin dien erasoa medio.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 07a
Hainbat lagun hil dira Ceutatik Espainiako Estatuan sartzen saiatu eta Guardia Zibilak eraso egin dielako.

Espainiako Barne ministerioak gomazko pilotak erabili izana ukatu zuen lehen momentuan baina gaur istiluen aurkako materiala erabili izana onartu du. “Etorkinak uxatzeko bakarrik” erabili dutela adierazi dute.

Barne ministerioak gehitu du esku hartzea “neurrikoa” izan dela, etorkinen taldeak “jarrera erasokorra” erakutsi duelako. “Soilik hesian gora igo direnen aurka” egin dutela tiro gaineratu du.

Oso bestelako ikuspegia erakutsi du Ceutako Caminando Fronteras GKEak. Testigantza ugari jaso ditu eta horien arabera, itsasoan zeuden pertsonei gomazko pilotez gain gas negar-eragilea ere bota dizkie Guardia Zibilak. Erasoak izua eragin duela gaineratu dute, eta sortu den nahasmenak hainbat laguni bizirik iristea eragotzi die.

GKEaren arabera, Guardia Zibilak hogei bat lagun hesiaz  bestalde bota ditu.

Espainiako Barne ministerioak ekintza horiek ukatu ditu.

Gertakarien lekukoen testigantzak

Goizeko 8:00ak aldera 200 bat pertsona Ceutako muga gurutzatzen saiatu dira, Tarajal zonaldeko hesian gora eginda.

Lehen saiakera hori bertan behera utzi ostean, 400 pertsona inguruk osatutako beste talde bat hondartzarantz zuzendu da, muga itsasotik igerian zeharkatu asmoz.

Helena Maleno ekintzaileak talde horietan zihoazen eta atxilotu dituzten hainbat pertsonaren adierazpenak jaso ditu Nafarroako Noticiasek Europa Press iturri gisa aipatuta argitaratu duenez. “Guardiak, guardiak tirokatu gaitu, eta gasak ere bota dizkigu, horrek eragin du jendea uretan itotzea” esan du zaurituta zegoen mutil batek.

ElDiario.es-en irakur daitezke beste talde batean zihoan pertsona baten adierazpenak. Hark ere Guardia Zibila jotzen du errudun: “Hondartzan nengoen oraindik gorpuak iristen ari ziren bitartean, zuzenean ikusi dut. Nire laguna Guardia Zibilaren erasoarengatik hil da”.

Malenok gaineratu du igeri egiten ohituta ez dagoen jendea dela  itsasoz gurutzatzen saiatu dena, flotagailuak eta ur botilak erabili behar izan dituztela zeharkaldia egin bitartean ur azalean mantentzeko.