argia.eus
INPRIMATU
Pili Villena
“Nire desioa bikotearekin edo gabe ama izatea zen”
  • Ni Pili Villena naiz, nire semeak Izadi du izena, eta bikoterik gabe izan nuen. Ama izatea da bizitza osoan hartu dudan erabaki onena. Bizitza gozatzeko dela pentsatu izan dut beti, eta nahi eta ahal izan dudana egin dut momentu oro. Gaztea nintzenetik izan dut haur bat izateko grina, bikote bat izan nuen hamabost urtez, eta harreman hori amaitu zenean ere ideia bera nuen buruan. Nire desioa bikotearekin edo gabe ama izatea zen.

Irati Sarasua Arabaolaza @iratisarasua 2013ko martxoaren 04a
Pili eta Izadi Villena

Urteak pasa ahala ideiak nire buruan jarraitzen zuen. Hasiera batean adopzioa izan zen nire lehen aukera. Baina arazo asko izan nituen lortzeko, eta bigarren aukerari heldu nion ‘in vitro’ bidezko ernalkuntzari. Horretan ere zailtasunak izan nituen. Saiakera asko egin nituen.

Hasieran, bost saiakera egin nituen, Logroñora (Espainia) joan nintzen anaia bisitatzera eta han beste saiakera bat egin nuen, baina ez nuen lortu. Sei hilabetez lasai egotea, eta gehiago ez saiatzea erabaki nuen. Oso sentibera nengoen ormona asko nituelako gorputzean, eta garbiketa bat egitea zen onena. Ondoren, berriro saiatu nintzen, ama izateko beharra nuelako. Beste bi saiakera egin nituen, eta azkenean lortu nuen.

Bitarte horretan amore ematea ere pasa zitzaidan burutik. Haurdun nengoela esan zidatenean ezin nuen sinetsi, izugarria izan zen. Bi haur nituen barruan, bikiak. Baina medikuarengana lehenengo aldiz joan nintzenean abortu bat eragin zidaten eta haur bat galdu nuen. Horregatik, ordura arteko guztia Quironen egin banuen ere, haurdunaldia Osakidetzak eta Quironek kontrolatu zuten, bietara joaten nintzen, umea galtzeko beldurrez.

Badakit jendeari gogorra irudituko zaiola haurra bakarrik izatea, prozesu hori guztia bakarrik pasa eta haurra bakarrik heztea. Baina ez naiz inoiz bakarrik sentitu. Izadi jaio zenean lagun batekin egon nintzen, beraz, erditzean ere babestuta nengoen. Beso artean jarri zidatenean negarra besterik ez nuen egiten. Beti izan dut jendea alboan, maite izan naute, eta Izadi maite izan dute.

Izadiren aitona beretzat bere aita da, harekin bizi da eta. Galdetu izan dit zergatik ez duen gainontzeko haurrek bezala aita, baina behin soilik izan zen, bere adinera egokituta azaldu nion guztia, eta lasai geratu zen. Haurrak lau urte ditu eta zoriontsu da. Bikotea ez izatea traba bat izan daiteke haurrak beti zurekin egon behar duelako, ezin duzulako beste pertsona batekin kontatu haurraren kargu egiteko. Baina nik lagun eta senideen babesa dut eta horrela oso ondo nago.

Gurasoen etxera itzuli nintzen bikotearekin harremana hautsi zenean. Nire asmoen berri eman nien eta hasieran ez zuten ulertu. Helduak dira eta urte askotan ikusi naute harreman batean haurrik izan gabe, espero ez zuten zerbait izan zen. Baina, azkenean ulertu zuten. Eta haien babesarekin errazagoa da dena.

Jendeak urte hauetan erakutsi didana ez dut inoiz ahaztuko. Emakume heldu baten etxean egiten nuen lan garai hartan, emakumea bikotekiderik gabea zen. Haur bat izan nahi nuela esan nion, eta egun batean etxera heltzean nire izena zuen gutun-azal bat zegoen mahai gainean. Medikuarenera joan eta ernaltzeko dirua zen. Berak egin ahal izan ez zuena nik egitea nahi zuen. Hori bizitza osoan eskertuko diot.

Bikoterik gabeko ama izateagatik ematen didaten diru laguntzarekin egiten dut aurrera. Orain Izadi zaintzea da nire lehentasuna, diru gehiago behar dudanean hasiko naiz lanean. Gauden moduan oso ongi gaude, ez dugu gehiago behar.

Gaur egun gurasoekin bizi naiz, Izadi da haien poza, eta haurrarentzat ere babesa dira haiek. Ezin naiz ezertaz kexatu. Nire semearekin pasa nahi dut ahal bezainbeste denbora. Bera da nire bizitzako erdigune, eta berak egiten nau zoriontsu. Badakit bera ere zoriontsu dela, eta bere irribarreak ikustea bezalakorik ez dago. Horregatik, haurra izan nahi eta bikoterik ez duten emakumeak nik egin dudana egitera animatuko nituzke. Beldurrik ez izateko esango nieke, ama izatea gauza ederra delako.