argia.eus
INPRIMATU
“Nire bizitza Guantanamon”
  • Guantanamora 2002an preso eraman zuten Moath al-Alwi Yemengo herritarra. Bertara eramandako lehenengotariko presoa da, eta gose greban dago.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 09a
Guantanamon gose greban dagoen preso batek kartzelako egoera kontatu du.

Guantanamoko bere egoera kontatuz egin du idatzi hau. Bere abokatuak itzuli du testua arabieratik ingelesera. Rebelion gunean gaztelaniaz argitaratu dute eta jarraian euskaraz irakurri daitezke pasarte batzuk.

(…)

Nire izena Moath al-Alwi da. Estatubatuarra naiz eta 2002tik Guantanamon nago preso. Ez dut inoiz krimen baten akusaziorik izan, eta ez dut auzi justurik izan AEBetan. Bidegabekeria horri aurre egiteko, otsailean gose greba hasi nuen. Orain, egunean bitan, militar estatubatuarrek aulki batera lotzen naute eta sudur-zulotik hodi lodi bat sartzen didate indarrez elikatzeko.

(…)

Nire gelan geratzea erabaki nuenean indarrez elikatzearen kontra protesta baketsu gisa. Talde berezi bat bidali zuten nigana, ni bertatik indarrez ateratzeko. Sei guardia, istiluen aurkako ekipamenduak jantzita. Nire protestagatik gogor zigortzen naute. Nire gorputz gainean jartzen dira, eta edozein momentutan bizkarra lehertuko didatela iruditzen zait. Gero, kanpora atera eta aulkian lotzen naute; guk, gose greban gaudenok, tortura aulkia deitzen diogun horretan.

(…)

Aulkian lotuta, guardietako batek hatzak masailezur azpian sartzen dizkit eta presio puntuetan zapaltzen dit gogor, asfixiatu bitartean berriz ere hodia sudur-zulotik urdaileraino sartzen didatela. Orain beti nire eskuineko sudur-zuloa erabiltzen dute, ezkerrekoa puztuta baitaukat horrelako hainbat sesioren ondoren. Batzuetan erizainak nahastu egiten dira, eta hodia biriketan sartzen didate. Asfixiatzen hasten naiz.

(…)

Gose greba utzi dezagun presioa egiteko, mediku militarrek ezinbestekoak ditugun botikak ez dizkigute ematen.

(…)

Gainerako 22 orduak gela isolatu batean pasatzen ditut. Oinarrizko elementurik ere ez digute ematen. Ez hortzetako eskuilarik; ez hortzetako pastarik; ez toalla, xaboi eta tapakirik ere. Ez digute dutxara joaten uzten. Gauetan, lorik egin ez dezagun ateak kolpatzen dizkigute.

Miaketa genitalak egiteko politika umiliagarria ere erabiltzen hasi dira. Guardiari zergatia galdetuz gero, erantzuna hurrengoa da: “Ez zaitezten zuen bileretara eta abokatuekin dituzuen elkarrizketetara gure kontrako informazioarekin joan”.

(…)

Posible da kanpotik zailtasunak izatea hau guztia ulertzeko. Nire familiak ez du ulertzen. Zorterik badut, urtean etxera lau dei egiten uzten didate. Amak azken deian  gose greba uzteko esaten pasa zuen denbora gehiena. Baina erantzun bakarra eman ahal izan nion: “Ama, ez daukat beste aukerarik”. Bizitzagatik, askatasunagatik eta duintasunagatik buila egiteko modu bakarra da.