argia.eus
INPRIMATU
Nire bizimoduak zenbat emakume zapaltzen ditu?
  • Jakin nahiko nuke. Nire burua gaztigatzen ibili gabe, baina arduraz, bizimoduan aldaketak egiteko ipar ulergarria litzateke. Bizimoduko alor bakoitzean gauzak era batera eginda X emakume* zanpatzen ditut, beste era batera eginda X, eta beste era honetara inor ez. Eguneroko beharrak asetzeko harreman eta formula berriak sortzen jarri ahal gaitu ikuspegi horrek, eta klima larrialdiak eskatzen duen urgentziaren aurrean, dramatik eta galera sentimendutik baino, ilusiotik eta pozetik planteatuko genuke bidea horrela. Izan ere, kapitalismoak izorratu dituenez biak, bi borrokak berberak dira: Amalurraren aldekoa eta emakumeen* bizitza duinaren aldekoa.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko urriaren 10

Zenbat emakume* zapaltzen ditut hipermerkatuan letxuak erosita? Eta herriko dendan erosita? Eta azokan erosita? Eta kontsumo taldean?

Zenbat emakume* zapaltzen ditut gurasoak zaharren egoitzara eramanda? Eta hainbat orduz zaintzaile bat kontratatuta? Eta zaintzeko txandak eginda?

Zenbat emakume* zapaltzen ditut Iberdrolaren argia pizten dudanero? Eta Goienerrena piztuta? Eta eguzki plakak teilatuan jarrita? Eta argia itzalita?

Zenbat emakume* zapaltzen ditut arropa Zaran erosita? Eta interneten erosita? Eta herriko dendan erosita? Eta jostunari eskatuta? Eta beste batena berrerabilita?

Agerikoa da gaur gaurkoz eremu askotan ez dagoela 0 zapalkuntza lortzerik: adibidez, dena laborariei zuzenean erosiko bagenie ere, Euskal Herrian lurjabe izanik ekologikoan ari diren baratzezainen urte osoko soldata batez beste 14.990 eurokoa da. Baina 0 ezinezko izanik ere, beti dago norberaren hautuen baitan emakume* zapaldu kopuruan gehiago edo gutxiago eragitea.

Artikulu honetan emakume*-ren izartxoak hartzen ditu, generoa bizitzeko era anitzez gain, baita zapalkuntza egoeran diren gizonezko langileak ere. Baina sektorez sektore azpiratuenak emakumeak direla bistaratzeko erabili dut emakume* hitza: munduan gose diren 1.200 milioi pertsonetatik %70 nekazariak dira eta hauetatik %70 emakumeak eta neskatoak.

Gure ekintza bakoitzak zapaltzen duen emakume* kopuru horretan barneratuta leudeke, noski, produktu hori sortzen jatorrizko herrialdean zapalduriko emakumeak*, produktu horren ustiaketak lurraldetik bidalitako emakumeak*, bidean garraio sistemak zapaldurikoak, gure herrian saltzeko katean lanbalditza prekarioek zapaldurikoak... Agian orduan "garesti" eta "merke" hitzen balioa aldatuko litzateke, edo beste hitzen bat zabalduko litzateke produktu edo zerbitzu batek zapaltzen dituen emakumeak* 0-tik gora direnentzat.

Gure eguneroko bizitza ez litzateke egungoa bezain "erosoa" eta "merkea". Baina egunerokoan erabiltzen dugun gauza edo zerbitzu bat 0 emakume* zapaltzera pasatuko genukeen bakoitzean, bizitza asegarriagoa izango litzaiguke, dugun gauza hori duina, mundua askeagoa. Eta ziur, CO2 gutxiago kontsumitzen dituena. Agintariak mintzo diren Klima Trantsizioak ez du honetaz deus esaten, agian ekarri nahi diguten bizimodu berrian gauza eta zerbitzu bakoitzak zapalduko dituen emakume* kopurua are handiagoa izango delako. Herritarrok egin beharko dugu, gauza bakoitzaren erabiltzaileak eta emakume* zapalduak elkartuta, ekoizteko eta kontsumitzeko modu zein harreman berriak sortuz.