Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak elkarrizketarako deia egin dio oposizioari gizarte segurantzaren erreforma bertan behera utzi berritan. Joan den asteazkenetik 30 manifestari hil ditu poliziak eta ugariak izan dira denden arpilatzeak. Manifestariek kalean jarraitu dute.
Democracy Now atariak jaso duenez, Ortegak adierazi du bere proposamenak ez duela “bideragarritasunik” eta muturreko egoera eragin duela ikusita, erreforma bertan behera uztea erabaki duela. “Azken egunotan izandako indarkeriazko gertakarien aurrean, barkamena eskatzen diegu biktimen senideei. Dei egiten diogu Nikaraguako herriari indarkeriazko ekintzak buka daitezen”. Elkarrizketarako deia egin eta Eliza Katolikoari eskatu dio moderatzaile lanak egiteko.
Nikaraguako Gobernuak pentsioak %5 murriztuko zituela jakinarazi zuenetik, protestek ez dute etenik izan. Oposizioko alderdiek ezbaian jarri dute Ortegaren agintaldia eta erreforma bertan behera utziko duela iragarri arren, manifestazioek kalean jarraitzen dute. Ikasleak eta pentsiodunak izan dira, batik bat, kalera irten direnak.
Hasiera batean manifestazio baketsuak egiteko asmoa zutela nabarmendu dute hedabideetan baina Poliziaren eta Armadaren errepresioaren aurrean, ezin izan direla geldirik geratu adierazi dute. “Beraiek armak dituzte, guk ahotsa besterik ez. Harriak eta eskura genuena bota behar izan diegu gure burua defendatzeko”, adierazi zuten ikasleen lehen protesten ostean.
AEBren esku hartzea
Nazioarteko hainbat hedabide bat datoz AEBk Nikaraguako protestetan esku hartu duela esaterakoan. Telesurren arabera, Trumpen gobernuak, iraganean Obamaren lan taldeak Venezuelan egin bezala, “kolpe biguna” eman du Nikaraguan, iraultza sandinista gelditu eta herrialdean zuen kontrola berreskuratzeko. Hala adierazi du Adolfo Pastran kazetariak Telesurren eginiko elkarrizketa batean. “Egonkortasuna ezbaian jartzeko ekintzetan parte hartu du AEBk pasa den urtarriletik. Esaterako, manifestazio baketsutan eskuineko alderdietako kideak indarkeriaz sartu dira, kaosa sortu eta gobernuaren dimisioa behartzeko”.
Venezuelan emandako gertakariak Nikaraguakoarekin konparatu ditu latinoamerikako hedabideak. Gauzak horrela, antzekotan nabarmenak detektatu daitezkeela ondorioztatu dute. Protestetan izandako muturreko indarkeria eta suzko arma “berezien” erabilera, sare sozialen bidez zurrumurruak zabaltzea, arpilatzeak jabetza pribatu nahiz publikoetan eta pertsonaia publikoen erabilera bakea mezuak igorriz sare sozialetan, besteak beste.