argia.eus
INPRIMATU
Nigerren etxeratze agindua ezarri eta erakundeak indargabetu dituzte, militarren estatu kolpearen ostean
  • “Segurtasun egoeraren okertzea” eta “gobernantza ekonomiko eta sozial txarra” argudiatuta Mohamed Bazoum estatuburua atxilotu eta kargugabetu dute militarrek. Mugak itxi, etxeratze agindua ezarri eta errepublikako erakunde guztien funtzionamendua eten dute.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 28a

Nigerko militar talde batek estatu kolpea jo zuen asteazkenean. “segurtasun egoeraren okertzea” eta “gobernantza ekonomiko eta sozial txarra” argudiatuta Mohames Bazoum estatuburua atxilotu eta kargugabetu dute, mugak itxi dituzte, etxeratze agindua ezarri dute eta errepublikako erakunde guztien funtzionamendua eten dute. Herrialdearen kudeaketarako CNSP Aberria Babesteko Kontseilu Nazionala eratu dute.

Gertakariaren ondoren gobernua eta militarrak errelatoaren borrokan daude murgilduta. Lehenak dio estatu kolpea ez dela inolaz ere arrakastatsua izan; eta, bigarrenak, berriz, kontrakoa. Dena dela, barne gatazkak izan daitezke kolpearen iturria. Bada, hainbat hedabideren arabera, gobernuaren eta militar taldearen arteko negoziazioak izan direla, baina ez direla “adostasunera iritsi”. Antza, militarren buruzagitzaren babes handia du kolpea eman duen taldeak.

Dena dela, estatu kolpea arbuiatzeko ahotsak ere entzun dira. Esaterako Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen ekonomia Erkidegoko burua den Bola Tinbuk demokrazia defendatu du: “Munduan demokrazia maite duten guztiek ez dute onartu behar herrialde honetan demokratikoki hautaturiko gobernua ezgaitzen duen egoerarik”.

Datozen egunak erabakigarriak izango dira, herrialdearen etorkizuna argituko baita. 2020tik gaur egunera bitarte zazpigarren kolpea litzateke, herrialdeko laugarrena 1960tik.