argia.eus
INPRIMATU
UKIPeko Nigel Faragek ere dimititu du Brexit ondorengo histeriaren erdian
  • Badirudi Britainia Handiko establishment politiko osoa lehertu behar duela Brexitak, Remain [gelditu] nahi zuten liderrak bezala Leave [alde egin] sustatu zutenak. Azkena, Nigel Farage, ezin jakin arrakastaren biktima erori den ala lehertu den ekaitzaren ihesi doan. Erreferenduma egin eta astebetera, britainiarrak Europatik aldentzeko operazioa sutu zuen UKIP alderdi eskuindarreko buru karismatikoak eman du dimisioa.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko uztailaren 04a
Nigel Farage, UKIPeko buruzagia eta Brexitaren sustatzaile nagusietakoa. (Argazkia: Dinendra Haria)

Prentsari zabaldu dion agirian esan du Faragek: "UKIPeko lidergoari uko egitea erabaki du. Leave [alde egin] aukera erreferendumean irabazle geratzeak esan nahi du nire anbizio politikoa lortuta dagoela. Borroka honetan sartu nintzen negozioak utzirik, ez karrerako politikari bilakatu nahi nuelako baizik eta gurea bere buruaren jabe den nazio bat izatea nahi nuelako. UKIP posizio onean uzten dut eta hala jarraituko du, nire babes osoa izango du boto emaileak erakartzeko. Europar Batasunetik irtetera goazen arren, ez dago argi zein baldintzatan joango garen. Gobernuak gehiegi egiten badu atzera eta Alderdi Laboristak bere boto emaile askogandik urrun segitzen, orduan UKIPen garairik onenak iristeko daude".

UKIP alderdi ultraeskuindarrak udazkeneko biltzarrean hautatu beharko du lider berria. Bitartean, Faragek parlamentari lanetan segituko du eta kazetariek galdekaturik, ez du baztertu Britainia Handia Europar Batasunetik irteteko negoziaketa mahaian egotea. Dimititzeko erabakiaren funtsa erabat pertsonala dela berretsi die: "Britainiarrok gure herrialdea berreskuratzea nahi nuen eta lortu dugu. Orain nire bizitza berreskuratu nahi dut".

Brexitak hankaz gora jarri ditu establishment britainiarreko indar politiko nagusi guztiak. Toryen artean, David Cameronek dimititurik, Brexitaren aldeko kanpainan erabakiorra izan zen Boris Johnsonek ere kargua utzi zuen, justu itxuraz bera izan zitekeenean egoera politiko berriko izarra. Orain arrakastak UKIP bera utzi du bururik gabe. Paradoxikoki, Alderdi Laboristan nagusi segitzen du Jeremy Corbyn ezkertiarrak, alderdiko eskuineko hautetsien gehiengoak erreferendumaren biharamunean bertan antolatu zion estatu kolpeari aurre eginez... oraingoz.