argia.eus
INPRIMATU
Nigandik kanpo bezala

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2023ko azaroaren 03a
Argazkia: Khea Ziater

Antzezlana: Winona & Grace

Konpainia: Khea Ziater.

Noiz: Urriaren 29an.

Non: Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.

----------------------------------------------------------

Pertsonaia edo egoera bat antzeztea da eszenatoki gainean eroso egoteko baldintzarik errazena. Gidoia jarraitzen duen aktoreak zein ikuslea entzuteko prest dagoela dakienak ez du beldurrik; adrenalinak hartzen du haren gorputza eta garuna. Baina zu izango bazina guztion begirapadean dagoena?

Winona eta Grace baldintza oso desberdinetan dauden bi aktore dira. Bata ospetsua da eta lanik ez du falta; bestea, ordea, saiakeran baino ez da gelditu. Obrak famaren pisua eta lortu ezin duenaren zama nahasten ditu, artisten mundu idiliko eta mitifikatua irudikatu, baina hemen inor ez dago kontentu. Pertsonaiek hori bera kritikatu nahiko dute euren gris koloreko bizitzez hizketan eta bakoitza bere argudio eta bizipenetatik abiatuta.

Senarrak haur moduan tratatzen duen bizitza hutsaleko etxeko andreak eta bikotekideak berarekin ezkontzeko eskatzea desio duen kafetegi bateko zerbitzariak kotxea hartu eta euren bizitzen errutinatik ihesi doaz, frustrazio guztiak maletategian sartuta. Lerro hauek Hollywoodeko Telma eta Louise film ospetsuko sinopsia osatzen dute, baina lotura zuzena dute Ainhoa Artetxe eta Graciela Donizen asmoarekin. Antzezlana hainbatetan jarri da AEBetako hiri horretara begira, bigarrengo bati erreferentzia zuzena eginda: Night on Earth. Winona Rider aktoreak taxista papera du film honetan eta Gena Rowlandsek antzezten duen zuzendari ospetsu bat jasoko du bere autoan. Bi film horiek antzezlanaren pertsonaien zein giroaren parte dira: titularrean, bi protagonisten izaeretan, gertaeretan eta estiloan. Bete-batean sartu dira distantzia handira dagoen mundu horretan. Erabakia arriskatua da, ikuslea obran sartzea galarazi dezakeena. Ni, behintzat, nahiko eszeptika hurbildu naiz antzokira, izenburuak hasteko, ez bainau limurtu, Hollywoodera eraman nauelako, hain zuzen ere. Luxuzko egongela bat eta Goya jaso duen aktoreak hausten dute hasierako isiltasuna, zein baino zein topikoagoak iruditu zaizkidanak. Baina, sortzaileek ez dute inongo momentuan asmo hori ezkutatu, esplotatu baizik eta euren eremura ekarri.  

Era berean, antzerkia eta zinemaren lengoaiak nahastu dituzte, eta bete-betean asmatu dute horrekin, edertu egin baitu eszenaratzea eta zentzua eman dramari. Pantaila eta bideoen erabilerak beste mundu bat irudikatu dute eta zuzenean ikusten ari ginenari gehitu dio. Eta hemen hasiko da tipula biluzten: bi aktore aktoreena egiten, zeintzuek ez dakiten aktore izateak on egiten dien. Zinema eta antzerkia. Barnean daramatzaten kanpo erreferentziak. Pantailaren distantziatik intimitatea erakusten duten asmoak eta barne hausnarketa sakonak. Isilpean dauden sortzaileen zein pertsonaien asmoak. Literalki entzerratuta dauden bi pertsona, metaforikoki ere badaudenak. Elkar ezagutzen ez duten bi adiskide. Aktore famatuen iruditeria mitikoa, era berean kritikatu egiten dutena. Eta azpimundu gehiago sortzeko, drogaren atmosfera. Finean, fikzioz mozorrotutako errealitatea errealitatearen barruan.