argia.eus
INPRIMATU
Ni.eus euskarazko e-mail zerbitzua martxan da
  • Puntueus Fundazioak eta Guebs enpresak garatu dute Ni.eus euskarazko e-mail zerbitzua.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 16a

Posta zerbitzuak "datuen pribatutasun eta segurtasuna" bermatzen duela nabarmendu dute sortzaileek: iragarkirik ez, trackingik ez, komunikazio zifratuak, eta abar. "Euskaratik eta euskaraz sortutako posta zerbitzua da", Puntueus Fundazioak azaldu duenez. Bezeroarentzako arreta, web interfazea, laguntza dokumentuak edota bezero-gunea, guztiak euskaraz eskaintzen ditu.

Nonahi erabili daiteke: sakeleko telefonoan edo ordenagailuan ohiko dugun posta programan zein web bidez, eta zerbitzu osagarriak eskaintzen ditu: egutegi praktikoa, helbide-liburua, berbideraketak...

Bi bertsio daude, doakoa eta Premium izenekoa (hilean 3 euro ordainduta). Bigarren hori hautatuz gero, adibidez, beste hornitzaile batean dagoen erabiltzailearen posta kontu guztiak mugituko ditu Ni.eus-ek, "haien eduki osoa baita zure domeinuaren erregistroa ere".  Norberaren gustuko .eus domeinu pertsonalizatua ( info@amaia.eus, harrera@mendielkartea.eus...) ere sortu ahal daiteke.

Igande honetan, hilak 17, Interneten Nazioarteko Eguna ospatuko dela-eta, posta zerbitzua aurkezteko une egokia dela deritzote Puntueus fundazioko kideek.