argia.eus
INPRIMATU
Nicole Briend epaitzen dute gaur: 6 urteko espetxea eta 75.000 euro BNPren iruzur fiskala salatzeagatik?
  • Asteartean, otsailak 6, Carpentras hirian (Frantzia hegoaldean) erretiroa hartutako irakasle batek aurre egin beharko dio BNP bankuak eskatuta montatu dioten epaiketari: BNPk burutzen duen iruzur fiskala salatzeko ekintzan aulki batzuen lapurreta sinbolikoaren truke 6 urteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna arriskatzen ditu.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko otsailaren 06a
Nicole Briend ATTACeko beste kideekin 2016an Carpentrasen BNPren iruzur fiskala salatzeko ekintzan.

Aulkien lapurreta Baionan Bizi! mugimendu ekologista eta altermundialistak duela bi urte hasi zuen, otsailaren 12an: beren buruei “aulkien segalariak” [faucheurs de chaises frantsesez, parekatuz ekintza hau hazi transgenikoak salatzeko OGM arto soroak segatzen zituzten beste ekintzaile famatuekin] deitzen dituzten militanteek aulkiak osten dituzte iruzur fiskala egiten duten bankuen bulegoetan. HSBC bankua salatuz estreinatu ziren Bizi!koak Baionan eta orduan ere Parisko agintariek erakutsi zuten indar handiagoa egiten dutela dozena erraldoi bati dozena aulki xixtrin berreskuratzeko, banku horrek fiskalitateari iruzur eginez lapurtzen dituen milioiak kaurkitzeko baino.

ATTACeko kideak epaiketaren bezperan agintarien eta BNPren hipokrisia salatzen: "Nor da noren lapura?".

Gero ATTAC mugimenduak ekin zion Bizi!-ren ekintzak Frantziako estatu osora hedatzeari. Intelektual ezagunek parte hartu dute batera edo bestera ekintzotan. Asteartean Carpentrasen epaitzen duten Nicole Briendek bere herrian BNPk duen bulegoko kadira batzuk harrapatzen hartu zuen parte. Bankuak, tarte horretan, burua makurtu eta publikoki zabaldu behar izan du Kaiman uharteak diren paradisu fiskaleko bulegoak itxi egingo dituela, baina horretarako mobilizatu ziren militanteen kontrako errepresalian jarraitzea erabaki du.

Gaztetatik afera ekologista eta sozial askotako militantea izan den eta 70 urteekin jarraitzen duen Nicole Briendek herri mugimendu eta GKE askoren sostengua edukiko du Carpentraseko auzian. Aste pare bat lehenago, urtarril amaieran, Baionan Bizi!-koek BNPren leihoak zuriz tindatu dituzte, bankeroon gardentasun falta salatzeko. 

Bizi!-ko militanteak duela egun batzuk Baionako BNP salatzen.