argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Justizia ministro Nicole Belloubet
“Presoen politika Frantziako Justiziak kudeatzen du, ez beste inork”
  • Frantziako Gobernuaren politika aldaketa nabaritu zen iaz, Espainiako politikaren aldean behintzat. Espainian ez bezala, euskal preso politiko andana aurreratua izan dira Euskal Herritik hurbil diren espetxetara.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko urtarrilaren 11
Frantziako Nicole Belloubet Justizia ministroa.

Iazko udaz gero ordea, presoen hurbilketa zanpez geratu da. Euskal presoez egoera hurbil segitzen duten talde eragileek horixe aditzera eman dute, baita Justizia Ministerioak presoen afera konponbidean aurrera egiteko “blokeo” fasean ote dagoen adierazi ere. Gobernuak ezetz dio, “egokitzapen” kontua dela.

Nicole Belloubet Justizia ministroak honela esan du ostiral honetan –Frantziako hedabideetan–: “Presoen politika Frantziako Justiziak kudeatzen du, ez beste inork”.

Urtarrilaren 12an euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak deitu dira Bilbon eta Baionan. Deitzaileek Frantziak urte batean urratutako bidea, aintzat hartzeko eskatu nahi zioten Espainiako Gobernuari, baita  bake prozesuan aurrera egiteko bidea bezala aurkeztu.

Alta bada, presoen eskubideen aldeko aldarrikatzeko urteko hitzordu garrantzikoaren atarian, Frantziak iragan berrian hartu duen politika “izoztu” du. Arrazoiak? Hainbat.

Hona horietako bat: hauteskunde urtea heldu da 2019an. Europako hauteskundeez bestera, Espainiako Estatuan udal eta foru hauteskundeak izanen dira. Espainiako Gobernuak, Pedro Sanchezek gidatua, euskal preson aldeko politikan gobernuen arteko “sinkronia” eta “sintonia”  izateko, presoei buruzko politikak Hexagonoan hartutako abiadurari galga jartzeko eskatu dio Frantziako Gobernuari.

Frantziako Gobernuak ukatu du “blokeoa” dagoenik, baina ez du ukatzen “oztopoak” daudela. Terrorismoaren aurkako Espainiako biktimen taldeek –Covitek, besteak beste– iaz jarritako “trabak” are handiagoak bihurtu litezke eskuin muturraren (VOX alderdi ultraeskuindarraren) gorakadaren beldur. Horra beste bat, aurreko arrazoia bera da. Tira, arazoaren gordina bestera agertua.