argia.eus
INPRIMATU
Nicolás Madurok irabazi ditu Venezuelako hauteskundeak
  • Maduroren hautagaitzak botoen %51,2 eskuratu du, eta %44,2 oposizioko hautagai nagusi Edmundo Gonzálezek, Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak emandako datuen arabera. Oposizioak iruzurra salatu du, eta chavismoak emaitzak errespetatzera deitu du. Madurok jarraian irabazten dituen hirugarren hauteskunde presidentzialak dira.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko uztailaren 29a
Argazkia: CNN

Botoen %80 zenbatuta zituela eman ditu datuak Hauteskunde Kontseilu Nazionalak, Euskal Herriko astelehen goizaldean. Horien arabera, hauteskundeak irabazteko aukera zuten bi hautagaitza nagusien artean chavismoa nagusitu da beste behin, oposizioari zazpi puntuko aldea aterata. Nicolás Maduro GPP Polo Patriotiko Handiko hautagaiak botoen %51,2 lortu du, eta Edmundo González buru zuen PUD Plataforma Unitario Demokratikoak %44,2. Parte hartzea %59koa izan da. Hirugarren agintaldia da Madurorentzat, 1999an heldu zen gobernura lehen aldiz chavismoa, Hugo Chávezen eskutik.

Kolpismo eta hauteskunde-iruzur salaketak

“Venezuelak presidente hautatu berria du, Edmundo Gonzalez Urrutia. Irabazi dugu eta jende guztiak daki hori”. Maria Corina Machadoren adierazpenak dira, ondoan Edmundo Gonzalez hautagaia zuela eginak. Machado da oposizioaren buru nagusia, baina bere hautagaitza inhabilitatu zuten Venezuelako epaitegiek. Machadok ziurtatu du Gonzalezek botoen %70 jaso duela, eta Madurok, aldiz, %30. Hurrengo egunetan "egia defendatzeko ekintzak” iragarriko direla adierazi du oposizioaren buruak.

Chavismoak hauteskundeen aurretik salatu du eskuineko oposizioa kolpismoa elikatzen ari zela, emaitzen sinesgarritasuna aurretik zalantzan jarrita. Esaterako, asteburuan Espainiako PPren ordezkaritza bat Madriletik Venezuelara bidaiatu zen, hauteskundeetan "behatzaile" aritzeko asmoarekin baina horretarako beharrezko baimenak izan gabe. Aireportuan sarrera ukatu zietenean, horrek hauteskundeen emaitzaren inguruko zalantzak areagotzen zituela salatu zuen PPk.

Herrialdeen posizionamendua

Venezuelako hauteskundeen emaitza ofizialak onartu eta Maduro zoriondu dute kontinenteko gobernu ezkertiar edo aurrerakoiek oro har, eta, alderantziz, emaitzak zalantzan jarri edo zuzenean ukatu dituzte eskuinekoek.

“Gaur Venezuelako herriaren duintasunak eta ausardiak irabazi du presioen eta manipulazioen gainetik”, adierazi du Miguel Díaz-Canel Kubako presidenteak. Maduroren “garaipena” Hugo Chávez omentzeko modu ezin hobea dela esan du Luis Arce Boliviako presidenteak. Maduro zoriondu dute, halaber, Xiomara Castro edo Daniel Ortega Honduras eta Nikaraguako presidenteek.

“Maduro diktadorea kanpora!” idatzi du sare sozialetan Javier Milei Argentinako presidenteak emaitzak ezagutu aurretik. Maduro presidente izendatzea “iruzurra” dela adierazi du Costa Ricako presidente Rodrigo Chavesek; “Ezin da garaipen bat onartu, bera eskuratzeko bitarteko eta moduen inguruan konfiantzarik ez badago”, Uruguaiko presidente Luis Lacallek; emaitzak “sinesten zailak” direla Txileko Gabriel Boricek. AEBetako diplomaziaburu Antony Blinkenek bere “kezka sakona” adierazi du hauteskundeen emaitza ofizialen egiazkotasunaren inguruan.