Abenduaren 12ean operatu zuten Hugo Chavez Venezuelako presidentea. Orduz geroztik hainbat zurrumurru zabaldu dira haren osasunaren inguruan, “egoera larrian” zegoela esanez. Horiei kasurik ez egiteko eskatu du Chavezek berak eta Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak.
Nicolas Maduro Venezuelako lehendakariordeak Chavez “indartsu” dagoela esan du Telesurrek egindako elkarrizketa batean. Ebakuntza eta gero Chavezek herria informatuta mantentzeko eskatu dio Madurori eta “lasai egoteko” egoera horretatik “lehenbailehen aterako baita”. “Chavez beti egon da venezuelarren ondoan eta ez ditu inoiz utziko”, gehitu du Madurok.
Chavezek 58 urterekin jakin zuen minbizia zuela, 2011n. Bitarte horretan hiru ebakuntza, lau kimioterapia saio eta sei erradioterapia egin dizkiote.
Maduro Venezuelara itzuli da
Lehendakariak eta lehendakariordeak hitz egindako Nazio Planarekin jarraitzeko itzuli da gaur Maduro Venezuelara.
Jakinarazi duenez Venezuelako herriak badauzka "heziketa, kultura politikoa eta antolakuntza gaitasuna" iraultzarekin jarraitzeko, herriak “inoiz baino indar politiko eta espiritual gehiago duelako”. “Eskerrik asko Fidel Castrori eta Hugo Chavezi. Gaur bide bakarrean elkarrekin gaude, askatasunaren bidean”, gaineratu du Madurok.