argia.eus
INPRIMATU
Nicolas Maduro atxilotu eta AEBtara eramatea zen AEBtako erasoaren helburua, atxilotu batek aitortutakoaren arabera
  • Venezuelako Gobernuak astelehenean salatutako erasoaren helburua Nicolas Maduro atxilotzea eta AEBtara eramatea zela onartu du atxilotutako militarretako batek. Aireportuaren kontrola bereganatzeko agindua zuten estatubatuarrek, Maduro ahalik eta errazen eraman ahal izateko.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 07a
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: El PeriĆ³dico.

Silvercop enpresako bi mertzenario atxilotu zituen Venezuelako poliziak igandeko operazioan. Enpresa hori erasoa ustez zuzendu zuen Jordan Groudeaurena da, eta bi atxilotuetako batek, Luke Denmanek, onartu du erasoaren helburua. Denmanek azaldu duenez, ondo irtengo bazen ordainsari handi bat zuten zain: “50.000 eta 100.000$ artean espero nituen”.

Denman eta beste atxilotua, Airan Berry, AEBetako armadako operazio berezietan ibilitako militar ohiak dira. Venezuelan epaituko dituzte biak, eta Goudreau Venezuelara estraditatzeko eskatuko die Venezuelak AEBei, atxilotuen ekintzen ustezko zuzendari bezala.

Gobernua erasoaren atzean

AEBen eta Venezuelaren arteko etsaitasuna agerikoa eta publikoa izaki, Madurok Trumpi egotzi dio erasoa, “inbasioaren burua” dela adieraziz. Donald Trump presidenteak, aldiz,  AEBetako gobernuaren eta erasoaren arteko harremana ezeztatu du.

Mike Pompeo, AEBtako Estatu idazkariak adierazi du dituzten tresna guztiak erabiliko dituztela bi atxilotuak AEBtara bueltan eramateko.