Jacinda Ardernek duela aste batzuk Zeelanda Berriko lehen ministro kargua utzi zuenean, Nicola Sturgeonek boto-emaileei esan zien oraindik asko zuela egiteko. Baina, dirudienez, Eskoziako lehen ministroa bere etorkizunaz hausnartua zen. Hala aditzera eman zuen Eskoziaren zati handi bat ezustean harrapatu zuen dimisioa aurkezteko diskurtsoan.
Sturgeonek dimisioa emango zuela pentsatzeko zantzu argirik ez zegoen, nahiz eta zailtasun eta polemika ugari izan diren azkenaldian hainbat proiekturen bueltan: genero aitortzaren erreformarako lege-proiektua, independentziari buruzko beste erreferendum baten antolaketa, SNPren finantzei buruzko ikerketa eta "ferryaren porrota".
Sturgeon 29 urte zituenetik dago parlamentuan, eta 2014tik Eskoziako buru da. Karguan denbora gehien daraman lehen emakumea eta lehen ministroa da. Bere ondorengoa aukeratu arte karguan jarraituko duela esan du. Baina horrek jasoko du hainbat eztabaida eta auzi konstituzionali aurre egin behar dien gobernu bat.
Eskoziaren independentzia lortzeko Sturgeonen bizi-misioa bete gabe dago oraindik, eta Eskozia sakon banatuta dago "indyref2"-aren inguruan. Azken inkestak independentziaren alde agertu dira, baina badirudi babesa jaisten ari dela, SNP buru duen gobernu eskoziarrak aurrean izan dituen etengabeko erronkak direla eta.
Indyref2-ren etorkizuna
Hiru lehen ministro kontserbadorek (Theresa May, Boris Johnson eta Rishi Sunak) uko egin diote Eskoziako Parlamentuari beste independentzia erreferendum bat egiteko aginpidea emateari. "Orain ez da unea" esan dute. Eta Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak 2022ko azaroan ebatzi zuen Eskoziako Parlamentuak ez duela aginpiderik independentzia erreferenduma egiteko Westminsterren baimenik gabe.
Horrek zatiketa eragin du SNPren barruan independentzia lortzeko moduaz. Sturgeonek iragarri zuen bere "C plana" zela hurrengo hauteskunde orokorrak de facto independentziari buruzko erreferendum gisa planteatzea.
Proposamen horrek denetariko erantzunak jaso zituen SNPren, beste mugimendu nazionalista batzuen eta publiko orokorraren artean. Stewart McDonald SNPko diputatuaren hitzak oso adierazgarriak izan ziren, neurri hori independentziaren aldeko mugimenduarentzat kaltegarria zela esan zuen. Alex Salmonden Alba alderdia ere oso kritiko agertu da planarekin.
Azken hamarkadan Eskoziako politikan SNP nagusi izan bada ere, inoiz ez du lortu botoen %50 baino gehiago Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan. 1950eko hamarkadatik alderdi bakar batek ere ez du babes maila hori lortu Eskozian, nahiz eta SNP oso gertu egon zen Erresuma Batuko 2015eko hauteskunde orokorretan.
Datozen hauteskundeetan botoen %50 ez lortzeak esan nahiko luke SNP-k galdera zailak dituela erantzuteke C Planaren eta independentziari buruzko eztabaidaren gainean. Sturgeon-en dimisioak atzeak zabaltzen dizkio ikuspuntu horren birplanteamendu bati.
Nahiz eta Sturgeon-ek azpimarratu duen ez duela ospa egingo azkenaldiko presio politikoengatik, gertaera batzuen ondorioz haren azken asteak bereziki polemikoak izan dira: batez ere, generoaren aitorpenari buruzko lege-proiektuaren afera, zeina Erresuma Batuko Gobernuak bertan behera utzi duen. Lehenbiziko aldiz, gobernu britainiarrak esku hartu du organo deszentralizatu batek onartutako legea atzera botatzeko.
SNPko kide eta jarraitzaileentzat, gobernu britainiarraren etengabeko intrantsigentzia eta interferentzia politikoaren barne kokatzen da. SNPk eta beste alderdi batzuek uste dute deszentralizazioaren beraren aurkako erasoa dela. Erresuma Batuko gobernuen arteko harremanetarako inplikazioak ez daude erabat argi, baina Holyrood eta Westminsterren arteko harremana are gehiago hoztu da.
Hala ere, generoari buruzko lege-proiektuaren inguruko eztabaida eta gogortasuna gora-behera, garrantzitsua da gogoratzea nahiko erraz onartu zela: aldeko 88 boto (Eskoziako Parlamentuko alderdi guztietatik zetozenak) eta kontrako 33 baino ez (bi alderditatik etorritakoak, gehienak Eskoziako kontserbadoreenak, SNPko zazpi diputaturekin lerrokatuak). Azken hori ezohiko gertaera izan zen: transgenero kontuek eta, bereziki, generoaren aitorpenari buruzko lege-proiektuak agerian utzi dute zatiketa dagoela SNPren barruan, bere diziplinagatik mitikoa den alderdian.
Berriki, Eskoziako espetxeetako preso transexualen kasuak eztabaida oso publikoa eragin zuen, baita Eskoziako Espetxe Zerbitzuaren politika baliogabetzea ere. Preso transexualei aukera ematen zien, euren buruei aitortutako generoaren arabera, leku batean edo bestean kokatzeko. Gaia titularretan nagusitzen zioan heinean, inkestek erakusten zuten Sturgeon eta SNPren babesa jaitsi egin zela.
Hau guztiagatik, datorren lehen ministroak –oraindik aukeratzeke dagoena– konpondu beharreko hainbat arazo izango ditu (konstituzionalak, legalak eta sozialak). Sturgeon-en martxak panorama politiko lainotsua utzi du: berehalako oinordeko argirik gabe eta konpondu gabeko hainbat auzirekin, konstituzionalak batzuk eta alderdiari lotutakoak besteak.
Lidergo-ondarea
Sturgeonen ikuspegi zuzena eta itzulingururik gabea da Erresuma Batuko politikaririk miretsienetako bat izaten jarraitzeko arrazoietako bat. Sostengu positiboa lortu du, inor gutxik berdindu ala izan dutena, bereziki bere agintaldian zehar joan eta etorri diren lehen ministro kontserbadoreek. Bere gidaritzapean, SNP izan da nagusi Eskoziako Parlamenturako hauteskundeetan, bai Holyrooden, baita Westminsterren ere.
SNP Eskoziako gobernu alderdia izan da azken hamabost urteetan, eta Sturgeon izan da bere aurpegia azken zortzietan. Dimisio-hitzaldian azpimarratu zuen bezala, gai eta eztabaida horiek iritzi publikoaren aurrean ordezkatzera iritsi da. Dimisioa ematean, badirudi espero duela horrek eztabaida arrazoituagoa ahalbidetzea, Eskoziak dituen arazoei eta SNPk defendatzen duen independentzia-helburuari buruz.