SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko burua 2014ko azarotik da Eskoziako gobernuburu. Eskozian erreferenduma egitearen alde egin du lan, besteak beste. Asteazkenean eman du erabakiaren berri, prentsaurrekoan.
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak dimititu egin du. SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko burua 2014ko azarotik da Eskoziako gobernuburu, Alex Salmondek dimisioa eman ondoren. Prentsaurrekoan eman du erabakiaren berri. "Politika modernoaren basakeria" aipatu du dimisioaren arrazoi gisa, The National Eskoziako egunkari abertzalean irakur daitekeenez. Sturgeonek adierazi du bere ordezkoa aukeratu arte agintean jarraituko duela. "Nire buruak eta bihotzak esaten didate orain dela garaia. Niretzat, nire alderdiarentzat eta herriarentzat egokiena da", adierazi du.
Bigarren independentzia erreferenduma antolatzea izan da Sturgeonen helburu nagusia urte hauetan, baina ez du lortu, nahiz eta askotan eskatu dion Londresi horretarako baimena. Londresek ezezkoak baino ez dizkio eman, eta Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera, Eskozian ezin da galdeketarik egin Londresen baimenik gabe. Horrek zaildu egin du gobernuburuaren helburua betetzea.
Gainera, azken asteetan eztabaida sortu du Eskoziako Parlamentuak onartutako trans lege-proiektuak. Proiektu horrek generoa aukeratzeko adina 18 urtetik 16ra jaitsi nahi zuen, tartean medikuaren ziurtagirik izan beharrik gabe. Lege-proiektuak SNP alderdiaren barnean zatiketa eragin zuen, eta Erresuma Batuko Gobernuak blokeatu egin zuen. Hala eta guztiz ere, Sturgeonek adierazi du bere dimisioa ez dela "jasan duen presioaren ondorio".