Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.
Igande iluntzean kargurik gabe aske utzi dute Nicola Sturgeon SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren buru ohi eta Eskoziako lehen ministro ohia. 10:00etatik 17:30 aldera arte eduki dute atxilotuta, eta ordu luzez egin diote galdeketa.
SNPko finantza batzuei lotutako auzibide bateko susmagarri gisa atxilotu dute, zehazki, Eskoziako beste independentzia erreferendum bat egiteko jasotako 761.000 euro inguruko dohaintzari lotuta.
Iluntzean Sturgeonek ohar bat zabaldu du sare sozialetan, eta segurtasunez gogorarazi du errugabea dela. Nabarmendu du ez lukeela ezer egingo “ez SNP ez herrialdea mintzeko”. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta Sturgeon kolaboratzeko prest dagoela jakinarazi du bere bozeramaileak. Hain zuzen, azpimarratu dute lehen ministro ohiak bazekiela igandean atxilotuko zutela, baina ikerketa irekita dagoenez, ez dute informazio gehiagorik eman, konfidentziala delako.
Auzi honengatik atxilotutako hirugarren kargua izan da Sturgeon. Aurrez, haren senarra den Peter Murrell SNPko zuzendari ohia atxilotu zuten apirilean, etxean zegoela. SNPri bere dirua ematea egotzita hartu zuten atxilo. Ia hamabi orduz galdekatu zuten, harik eta kargurik gabe aske utzi zuten arte. Berbera gertatu zen alderdiko diruzain Colin Beattie-ekin.
Nicola Sturgeonek otsailean aurkeztu zuen dimisioa, eta ordutik Eskoziako lehen ministro kargua Humza Yousaf-en eskuetan dago. Dena dela, Holyrood hedabideari ukatu egin zion apiril amaieran bere dimisioak auzi honekin zerikusirik duenik, The Guardianek jasotzen duenez.
Sturgeonek aitortu du azken asteak “zailak” izaten ari direla, eta jasotako babesa eskertu du. Pare bat egun hartuko ditu atxiloketatik osatzeko, baina berehala itzuliko da parlamentuko besaulkira.