argia.eus
INPRIMATU
Eneko Andueza
“Ni ez naute inoiz pilota edo borra batekin jo, mugimendu horietan ez naizelako sekula egon”
Axier Lopez @axierL 2024ko martxoaren 08a
Eneko Andueza Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Argazkia: Euskadi Irratia

Polizia eredua berrikusteko aukera "beti dagoela" adierazi du Eneko Andueza lehendakarigaiak eta gaineratu du, gainera, azken urteotan Ertzaintzaren barruko egoera ez dela ona, "lan baldintzengatik" eta ertzainek "faltan dituzten material batzuen" inguruan. Ertzainek eskatzen dutena entzun egin behar dela dio, baina benetan kezkatzen duena futbol ekitaldien inguruan hain epe laburrean sortzen ari diren istiluak direla. Istilu horien atzean "mugimendu zehatz batzuk" daudela dio, baina ez dakiela ea politikarekin lotura ote duten.

Ertzaintzaren kargak futbol partiden bueltan ez ezik, Tolosako ihauterietan eta Martxoaren 3ko manifestazioan ere izan zirela adierazi du kazetariak, eta Anduezak azpimarratu du istiluak sortzen direnean "Ertzaintza sartu egin behar dela inongo dudarik gabe". Ertzaintzari "konfiantza" eman behar zaiola gaineratu du eta Ertzaintzaren biolentziaz ondoko azalpena eman du: "Ni Poliziak ez nau inoiz pilota edo borra batekin jo, mugimendu horietan ez naizelako sekula egon". "Mugimendu horiek" zein diren ez du argitu, baina gehitu du "urte askotan manifestaldi konkretu batzuetan beti iskanbilak" izan direla, Ezker Abertzalearen eta independentismoaren ingurukoak.