argia.eus
INPRIMATU
NFT ulertu nahian
sarean.eus IƱaki Alegria @inakialegria 2022ko otsailaren 16a
Bored Ape Yacht Club

Kriptomonetak bezala oinarri sendo bat du NFT teknologiak: blockchain edo bloke-kateen teknologia. Formalki balio-trukerako protokolo gisa definitu da, eta batzuek notaritza-sistema automatiko moduan irudikatzen dute. Ikuspuntu hori interesgarria da NFTri begira, token edo elementuaren jatorria zein den eta jabegoa norena den modu fidagarrian ziurtatzeko gauza delako,  mugarik gabeko epean gainera. Erregistro-lana bideratzeko, bloke-kateen teknologiekin lotutako “Smart Contract” izeneko software bat dago NFTak sortzeko.

Ondorioz, digitalki sortutako (arte-)lanak bakar bihur daitezke, jatorrikoa identifikatzeko ahalmena hor dagoelako. Eta hortik salmentara eta espekulaziora, fabrikatutako eskasiaren eraginez. Horrek iraultza ekarri du hainbat arlotan, eta bereziki artearen merkatuan. Ismael Manterolaren artikulu ezin argiagoan oso ondo azaltzen da hori:

Azken hilabeteetan espekulazio ariketa izugarriak egon dira, bai Interneten, bai arte merkatuaren sare arruntetan ere; esate baterako, Christie’s enkante etxe ospetsuak 58,8 milioi eurotan saldu du Beeple artista digitalak sortutako Everydays: the first 5.000 days izenburua daraman artelana.

Kapitalismoaren magia hobeto ulertzeko beste adibide bat da Bansky artistaren Morons izeneko marrazkiaren suntsipenaren bideoa. Erre baino lehen koadroak 80.000 euroko balioa bazuen ere, Injective Protocol izeneko kriptoinbertsoreak 320.000 eurotan saldu du NTF bitartez egiaztatutako bideoa.

Bigarren paragrafoan ikus daiteke elementu ez digitalak NFT bihurtzeko aukera: digitalizatu eta kito (eta eskasia muturreraino eramateko jatorri ez-digitala suntsitu).

Arte-munduan oihartzun handia izan arren, ideia beste eremutara eramaten ari da: liburuak, bizikletak edo idazlanak esaterako. Baina kontuz, erreferentzian irakur daitekeenez, NFT eskuratzea eta egile-eskubideak eskuratzea ez da gauza bera: Dune filmaren aurrekaria izan zen eszena-liburua eskuratu zutenek produktu eratorriak egiteko eskubidea eskuratzen zutela uste zuten, baina ez da horrela.

Kirol munduan ere NFTn oinarritutako transakzio komertzialak ohikoak bihurtzen ari dira. NBA hasi zen eta beste kiroletara hedatzen ari da. Futbolean Erreala ere horretan hasi zen, baina arazoak izan ditu.

Dirudienez teknologia hauek guztiak Metabertso unibertsoaren ekonomiaren muina izan daiteke. Apustu horrek arrakasta baldi badu (nik zalantzak ditut), gutxienez informatuta harrapa gaitzan!

(Posta idatzi bitartean, paraleloan, Euskal Wikipedian artikulua ingelesetik itzuli eta moldatu dut)