argia.eus
INPRIMATU
Newsweek astekariak paperean argitaratzeari utziko dio
  • 80 urtez paperean argitaratu ostean, Newsweek astekariak iragarri du aurrerantzean Interneten bakarrik publikatuko dela. Abenduaren 31ean ikusiko du argia paperezko azken Newsweekek. Duela bi urte The Daily Beast sareko albisteen atariak erosi zuen AEBetako aldizkari enblematikoa eta paperari agur esateko erabakia jabe berriek eman nahi dioten norabidearen adierazgarri da.

2012ko urriaren 19a
Newsweek ia 80 urtez argitaratu da paperean.

“Erabakiak ez dauka zerikusirik kazetaritzaren kalitatearekin edo markarekin –beti bezain indartsua da hori–” adierazi du Tina Brown The Daily Beasteko sortzaileak paperezko edizioa ixteko erabakia esplikatzen duen adierazpenean eta inprimatutako argitalpenak apustu ekonomiko handiegia eskatzen duela nabarmendu du.

Time aldizkariaren ondoren AEBetako astekari garrantzitsuena izan da Newsweek urteetan, baina 2008tik aurrera kinka larrian zegoen. Orrialde kopurua gutxitu eta diseinua aldatu zioten; aldizkariaren aurrekontuak ere doitu zituzten; baina galerak areagotu egin ziren: 2007tik 2009ra bitarteko datuek ez dute gezurrik esaten, %38 erori ziren aldizkariaren diru sarrerak eta 2010ean, aldizkariaren jabe zen The Washington Post Companyk saldu egin zion The Daily Beasti.

Ez da horrelako erabaki bat hartu duen AEBetako aldizkari garrantzitsu bakarra. 2007an Life aldizkariak bere indar guztiak Interneten jarriko zituela iragarri zuen.