argia.eus
INPRIMATU
Newsweek aldizkaria paperean argitaratuko da berriz
  • Newsweek astekaria berriz paperean argitaratzeko prestatzen ari da. Iaz utzi zion AEBetako newsmagazine formatuko aldizkari ezagunak papereko edizioa argitaratzeari baina ez du denbora asko behar izan kioskoetara itzulera prestatzeko.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 04a
Newsweek aldizkaria berrizk kioskoetan aurki?

Astero 64 orrialde argitaratzeko asmotan dira The New York Timesek argitaratu duenez. Aldizkariko edizio buru Jim Impocok esan duenez, harpidedunak izango dira papereko birjaiotzaren oinarri ekonomikoa, publizitatea jarriko duten iragarleak baino gehiago. Impocoren arabera, irakurleek lehen baino garestiago ordainduko dute aldizkaria.

Mantxeta klasikoa da Newsweek AEBetan, momenturik onenetan 3,3 milioi irakurle izatera iritsi zen. 2010ean astekariaren jabe zen The Washington Postek saldu egin zuen eta bi urteko gorabeherak hasi ziren. Jabe aldaketak, galerak eta, azkenik, 2012ko urrian egindako iragarpena: paperari agur.

Geroztik ere aldaketa handiak bizi izan ditu Newsweekek, The Daily Beast webgunearen barruan txertatu baitzen egitasmoa. Aurtengo irailean jarri zen Jim Impoco edizio buru, The New York Timesetik fitxatuta eta paperaren aldeko apustua berritu du.