Komite Internazionalistek, Bilbo Zaharreko Jai Batzordeak eta Goizalde Kultur elkarteak antolatu dute Newroz jaia. Herri kurduaren egun nazionala ospatzeko bi ekimen egingo dira: Mahai-ingurua 19:30ean Zirikan, eta Bilbo Zaharreko plazan sua, janaria eta musika zein dantza kurduak.
Komite Internazionalisten oharra:
Udaberria dator, eta berekin bat datorkigu ospakizun berezi bat. Munduko estatu gabeko herri handienaren jai nazionala. Newroz da, Kurdistango herriaren sinboloa eta askatasun egun berria dakarren jaia. Bere kondaira propioak dituen jai magikoa da, dantza, kolore eta suz beterikoa.
Lehengo urtean bezalaxe, Bilbo Zaharreko Jai Batzordea, Goizalde Kultur elkartea eta Komite Internazionalistak herri kurduaren errealitatera hurbilduko gara berriro, ospakizun hau aitzakia hartuta. Jai debekatua, eta borroka eta aldarrikapen eguna den Newroza ospatuko dugu. Lau estatuk zapaldu eta jazartutako 40 milioi pertsonak osaturiko herriaren eguna, kantatzen eta borrokatzen duen herria inoiz hiltzen ez denaren seinale.
Horretarako hurrengo ostiralean, martxoaren 21, bi ekimen burutuko ditugu Bilbon. Lehenik, 19.30ean mahai ingurua edukiko dugu Zirika!
Herri gunean (Ronda, 12). Kurdistango errealitatea eta egoera ondo ezagutzen duten bi hizlari izango ditugu: Urtzi Urrutikoetxea kazetari eta idazlea, eta Sechu Sende galiziarra, “Viagem ao Curdistám para apanhar estrelas” liburuaren egilea.
Ostean, jarduera Bilbo Zaharreko plazara eramango dugu. Bertan Newroz jai kurdua ospatuko dugu, sua eta janariaz, musikari kurduek eta dantzak lagun hartuta.
Animatu, bertan ikusiko dugu elkar!
Newroz pîroz be!
Kurdistani buruzkoak ezagutzeko
Komite Internazionalistetako brigada bat bere esperientzia kontatzen ari da egunotan Kurdistandik zuzenean. Beren esperientzia irakurgai duzue Komite Internazionalisten blogean.