argia.eus
INPRIMATU
New Yorken kaleak itxiko dituzte, eskolak kanpoan eman ahal izateko
  • Aire zabalean eskola eman nahi duten ikastetxeen eskaerak aztertzen ari da New Yorkeko Udala, administraziotik erraztasun guztiak eman asmoz: dagoeneko 800 ikastetxeri eman die baimena, 220 eskolak baino gehiagok hiriko parkeak erabiliko dituzte eta 100 ikastetxek inguruko kaleak itxi ahal izango dituzte, irakasle eta ikasleek erabiltzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko irailaren 08a

New York bezalako megalopolian, argi du Udalak: pandemiari aurre egiteko modurik eraginkorrena da ahal den neurrian eskolak aire zabalean ematea eta hala aurreikusi du udal planak. Hiriko eskola publiko zein pribatuei eragiten die planak eta ikastetxeen eskaerak jasotzen ari dira oraindik. Beharra ikusiz gero, ikastetxe inguruko kaleak hezkuntzarako ixtea onartzen du Udalak. Pandemia gogorren sufritu duten auzoak dira lehentasuna.

Karpak eta kuxinak

Eguzkitik eta euritik babesteko karpak edota lurrean esertzeko kuxinak, ikasturte hasiera berezia prestatzen ari dira AEBetako hiritzarrean. Lehen eskola eguna, gainera, irailaren 21era atzeratu dute, dena ongi prestatu ahal izateko. Brooklyn auzoan, dena den, entsegua egin dute dagoeneko (irudian, NY Daily Newsek argitaraturiko argazkia).

“Zerbaitek funtzionatzen duela jakiteko, probatu egin beharra dago, eta kaleak eta parkeak hezkuntzarako erabili ahal izatea aukera paregabea da, bai pedagogikoki, bai pandemiari segurtasun handiagoz aurre egiteko”, azaldu du entseguan parte hartu duen irakasleetako batek.

Hain juxtu, munduko hainbat txokotan eskolak aire zabalean emateko prestatzen ari direla kontatu genuen, eta Euskal Herrian ere gero eta gehiago dira horren aldeko apustua egiten dutenak.