11 emakumek salatu dute Andrew Cuomok sexu erasoak egin dizkietela. Fiskaltzak duela bost hilabete hasi zuen politikariaren aurkako ikerketa. Gobernadore ohiak bere errugabetasuna defendatu du: interpretatzen jakin ez duen “belaunaldi edo kultura aldaketa bati” egotzi dio gertatua, eta maniobra politikotzat hartu ditu salaketak.
Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak dimisioa aurkeztu du asteartean, Fiskaltzak bere aurkako hamaika sexu eraso salaketa aurkeztu eta gero. “Egoeragatik, egin dezakedan onena atzera pauso bat eman eta gobernuak berriz agindu dezan uztea da. Eta hori da egingo dudana”, adierazi du Cuomok kargua utzi baino lehen.
Fiskaltzak duela bost hilabete hasi zuen politikariaren aurkako akusazioak aztertzeko ikerketa, eta asteartean bertan egin dituzte publiko lehen datuak. Letitia James fiskalak prentsaurrekoan azaldu du 179 pertsona elkarrizketatu dituztela, eta 74.000 proba —dokumentuak, mezuak eta argazkiak— bildu dituztela gobernadore ohiaren aurka. Guztiek “irudi asaldatzailea baina argia” erakusten dutela adierazi du fiskalak.
2013 eta 2020 urteen artean, berarekin lan egiten zuten hainbat emakumeri ukituak egin, musuak eta besarkadak eman eta komentario desegokiak egitea egozten diote Cuomori. Gobernadore ohiak hasieratik defendatu izan du bere errugabetasuna, eta salaketak faltsuak direla adierazi du. “Bizi osoan zehar besarkadak eta musuak eman dizkiot jendeari. Emakumezkoei eta gizonezkoei. Inoiz ez zait burutik pasatu norbaitekin muga gainditu dudanik, baina konturatu naiz zein puntutaraino aldatu den muga hori”.
Onartu duen bakarra “desegokiak” izan zitezkeen komentario batzuk egin izana da. “Jolasteko” asmoarekin egin zituela azaldu du agintariak, baina gaizki ulertuak egon direla adierazi du: interpretatzen jakin ez duen “belaunaldi edo kultura aldaketa bati” egozten dio gertatua. Halere, gainontzeko salaketek “motibazio politikoa” dutela eta jazotakoa “bidegabea eta gezurrezkoa” dela esan du.
Otsaila amaieran hasi ziren bere aurkako lehen salaketak: andrazko batek azaldu zuen politikariak ‘strip poker’ deritzonera jolasteko proposamena egin ziola lan bidaia batean hegazkin pribatuan bidaiatzen zihoazela, eta geroago, gobernadore ohiak bere bulegoan musukatu egin zuela. Lehen akusaziotik denbora gutxira, beste emakume batek salatu zuen Cuomok eskua alkandora azpitik sartu eta bularrak ukitu zizkiola.
Cuomoren dimisioa bi aste barru sartuko da indarrean, eta bere postua Kathy Hochul demokratak hartuko du. Bufaloko kongresugile ohia da Hochul, eta New Yorkeko gobernadore izango den lehen emakumea izango da.