argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak festetan jende pilaketak espreski debekatu ditu eta gainontzeko neurriak mantendu
  • Asteazken goizean bildu da ostera ere Labiren Aholku Batzordea, eta bileraren ostean mintzatu da Iñigo Urkullu EAEko Lehendakaria. Asteartean Gobernu kontseiluan onartutako Bizi Berri IV Plana ere aurkeztu du, eta gizarteari babeserako oinarrizko neurriak berriro ere erdigunean jartzeko eskatu dio. Neurriak beren horretan mantentzen badira ere, kale zurruta eta "ez-jaiak" eta oro har jende pilaketak eragiten dituzten bestelako topaketak egiteko debekua gehituko dute.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 07a

Eguerdian emandako prentsaurrekoan iragarri du Iñigo Urkulluk Jaurlaritzak ez dituela orain arte ezarritako neurriak gogortuko. Asteazkeneko erabakia asteartean onartutako Bizi Berri IV Planaren gidalerroen arabera hartu dute.

Planak hiru egoera bereizten ditu: "Transmisio baxua", hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 0 eta 60 kasu positibo artekoa denean; "Transmisio neurrizkoa", intzidentzia tasa 60 eta 150 kasu positibokoa denean; eta, azkenik, "Transmisio tentsionatua", intzidentzia tasa 150 eta 300 artekoa denean. Datu horrez gain, ZIUko okupazioa eta aldaera berrien eta aurretik immunitatea zutenen kutsatze kopurua ere kontuan hartzen du egoera bakoitzak erreferentziazko adierazle moduan [ikusi hemen Planaren xehetasunak].

Azken asteetan kasuen kopuruak gora egin badu ere, ZIUetako okupazioa gero eta txikiagoa da, eta hori dela-eta erabaki dute neurriak ez gogortzea, azken egunetan airean zegoen aukera baitzen zenbait neurrirekin atzera egitea, tabernen ordutegiekin, kasu. Nafarroan, hain zuzen ere, asteazkenetik aurrera goizaldeko 01:00etan itxi beharko dituzte tabernak. EAEn mantentzen diren neurriak honakoak dira: tabernak 02:00etara arte egon daitezke zabalik, ostalaritza establezimenduetako mahaietan gehienez sei lagun elkar daitezke, elkarte gastronomikoak zabalik mantenduko dira eta kirol ikuskizunetan ikusleak egon ahalko dira.

Hala ere, ostegunean indarrean sartuko den dekretuan elementu berri batzuk egongo dira. Neurriak beren horretan mantentzen badira ere, kale zurruta eta "ez-jaiak" eta oro har jende pilaketak eragiten dituzten bestelako topaketak egiteko debekua gehituko die dekretuak, betiere topaketa horietan pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantentzen ez bada, barruan zein kanpoan. Halaber, egoeraren joerak okertzen jarraitzen badu ostalaritza merkataritza eta kultur jarduerak ixteko ordutegia aurreratzea eta bestelako neurri batzuk hartzeko aukera uzten du dekretuak.

Azkenik, gizarteari mezua helarazi dio Urkulluk, arriskua dakarten hiru faktore nagusik baldintzatzen dutela egungo egoera berria. Batetik, birusaren aldaera berrien eragina. Bestetik, gazteen artean birusak duen intzidentzia altua, oraindik txertatzeke dagoen talde nagusia baita (ostiralera aurreratu dute 16-29 adin-tartekoek txertoa hartzeko txanda eskatzeko aukera). Eta, azkenik, mugikortasun altua eta arrisku handiko interakzio sozialak eta jai-girokoak. Horregatik guztiagatik, oinarrizko babes neurriak errespetatzearen garrantzia azpimarratu du. Beste inor ez dagoen aire libreko lekuetan izan ezik une oro musukoa eramateko eta jendarteko topaketetan beti metro eta erdiko distantzia mantentzeko gomendioa egin dute, eta adi egoteko eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu dute.