argia.eus
INPRIMATU
“Neurri zentzugabea da, zinema aretoek ez dute bizirik iraungo”
  • %60tik %35era jaitsi du zinema aretoen edukiera-muga Eusko Jaurlaritzak, eta Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak neurria “ulertezina” dela salatu ostean, hainbat aktore eta herritarrek ere euren haserrea adierazi dute sare sozialetan. “Neurri hau da kultur sektoreari buruan tiro egitea".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko uztailaren 27a

Eneko Sagardoy aktoreak kritikatu du neurria zentzugabea dela, “estatistikek eta esperientziak erakutsi dutelako aretoetan ez garela kutsatzen”; eta segidan, Iñiko Urkullu eta Gotzone Sagarduiri zuzendu zaie: “Zinema aretoek ez dute bizirik iraungo”. Hala, areto asko muturreko egoeran daudela argudiatuta, neurriak birpentsatzeko eskatu die Jaurlaritzako agintariei.

Hitz gogorrak izan ditu baita ere Josean Bengoetxea aktoreak: “Baina zer da hau, Iñigo Urkullu eta Josu Erkoreka? Berdin zaizue edo zinemarekin behingoz bukatu nahi duzue? Hasieratik demostratu da inor ez dela zine eta antzerki aretoetan kutsatzen. Parez pare izango gaituzue! Nazka!”.

Segurtasun neurriak zuzentasun osoz eraman direla gogoratu du Maitane Illarretak: “Zergatik ordaindu behar dute beti berdinek?”.

"Nazkatuta eta nekatuta gaude"

Eta Lander Otaola ere haserre irakurri dugu Twitterren: “Neurri hau da kultur sektoreari buruan tiro egitea. Estreinaldi batera etortzea aktoreekin argazkia ateratzea ez da kultura babestea. Nazkatuta eta nekatuta gaude”.

Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen arabera, pandemia dela-eta hamar milioi euro galdu dituzte 2020an, eta azken aste hauetan martxa berreskuratzeko aretoek “ahalegin handia” egin dutelarik, orain murrizketa berriak jasango dituzte.

Hainbat aretok ateak itxiko ditu, protesta gisa.