Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako Gobernuak ere egin du beste iragarpen bat, "emantzipazioa bizkortzeko", baina era berean alokairuak igotzea eragin dezakeena.
Aurora delako 30 bat urteko emakume portugaldarra da On falling filmeko protagonista. Eskozian bizi da eta Amazonen estiloko almazen izugarri handi batean egiten du lan, bakarturik, teknologiak ezartzen duen erlojuaren aurka lanean, enpresarentzat langile bat gehiago izanda, soldata eskas, lan-baldintza kaskar eta bizimodu arras prekarioan. Laura Carreira zinegile portugaldarraren opera prima da eta hein batean Aurorarengan gorpuztu ditu bere bizipenak, atzerrian lanean egondakoa baita.
Munduko biztanle ugariren isla izan daiteke Aurora: lan bila emigratu eta estantzia lanera kondenatu. Langile klasearen erretratu garaikidea da pelikula, errealitatearen ispilu garden, Portugalgo eguneroko ogi, beste lekuetara estrapolatu daitekeena lasai asko. Argigarriak dira datuak: 15 eta 39 urteko gazte portugaldarren laurdena atzerrian bizi da, gehien-gehiena Europa erdigunean eta iparraldean. Hori dio Lisboako Unibertsitateko Ikerketa Institutuaren azken txosten batek, eta horixe darabil hango gobernuak bere diskurtsoan, gazteen emantzipazio ezinaz-eta mintza denean.
Portugalen, 35 urtez azpikoen 10etik 7k, hilean 950 euroko soldata garbia du
Horrez gain, ikerketa horren arabera, gaur egun Portugalen bizi diren 15 eta 30 urte arteko gazteei galdetuta, herenak uste du lehenago edo geroago egokituko zaiola emigratzea. Lan-eskaintzak urriak direla diote, lan-baldintzak kaskarrak eta etxebizitzaren prezioa garestia, eskuraezina gehienentzat. Hain zuzen, Francisco Manuel dos Santos fundazioak egindako inkestaren arabera, 2020. urtean, 35 urtez azpikoen %72k hilean 950 euro garbi baino gutxiago irabazten zituen.
Portugalek ez dio buelta eman 2008ko krisi ekonomikoari. Hainbat daturen arabera, 2008tik 2015era bitartean, milioi bat pertsonak utzi zuten herrialdea –gehienak, jakina, gazteak–, eta horietako asko ez dira itzuli.
Zahartzen ari da biztanleria: 65 urtetik gorako herritarrak, 14 urtetik azpikoak baino bi aldiz gehiago dira. Eta, mundu mailako biztanleria-adinaren indizean, zaharrenen artean, hirugarren postuan dago Portugal, Japoniaren eta Italiaren atzetik. Konparaziorako, Hego Euskal Herrian, 16 urtez azpiko 100 gazteko 170 pertsona daude 65 urte baino gehiago dituztenak.
Portugal: hobari fiskalak gazteei?
“Drama” bat dela dio Portugalgo Gobernuak, eta datorren urteko aurrekontu-proposamena aurkeztu duen egunean iragarri du “egoera iraultzeko” asmoa. Hain zuzen, hainbat neurri fiskal ipini nahiko lituzke zentroeskuineko gobernuak eta babes eske jo du sozialistengana, parlamentuaren onespena jasotzeko. Marcelo Rebelo de Sousa presidenteak argi esan dio gobernuari: "Edo aurrekontuak onartu edo hauteskundeetara goaz".
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga gazteengana moldatzea da proposamen nagusia, betiere, baldintza gisa, hiru puntu hauek hartuta: 35 urte baino gutxiago edukitzea; urtean 28.000 baino gutxiago irabaztea; eta gehienez hamar urtez jaso ahalko da hobaria.
Soldatapeko lanean eginiko lehen urtean, urtean 28.000 euro baino gutxiago kobratzen duten gazte guztiak salbuetsita leudeke PFEZa ordaintzeaz. Gero bai, sartuko lirateke errenta aitorpena egiteko nahitaezkotasun horretan –betiere 28.000 euro baino gutxiago irabazita–: baldintza horiek betetzen dituzten bigarrenetik laugarrenerako urtean, %75eko dedukzioa edukiko lukete; bosgarrenetik zazpigarrenera %50ekoa; eta zortzigarrenetik hamargarrenera, %25ekoa.
Enpresek ere izango lituzkete hobari fiskalak: Sozietateen gaineko Zerga egungo %21etik %20ra jaitsiko lukete.
Hego Euskal Herria: emantzipatzeko laguntza gehiago, zertarako?
"Alokairuaren bonua" aurkeztu du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek astelehenean: 200 milioi euroko programa, "etxebizitzaren arazoa arintzeko". Bezperan, Madrilgo kaleak hartu zituzten milaka eta milaka pertsonak etxebizitza eskuratzea gero eta konplikatuagoa dagoela manifestatzeko.
Espainiako Gobernuak "alokairuaren bonu berria" iragarri du
Zehazteko falta da zein adin mugatik beherako espainiarrentzat izango den bonu hori, eta ikusteko dago ere ea 200 euro, 250 ala zenbatekoa izango den. Espainiako prentsan bi zifra horien dantza ageri da. Horrez gain, argitzeko dago ea bateragarriak izango ote diren Espainiako Gobernuaren laguntzak Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko alokairu eta emantzipazio laguntzekin.
Dena dela, ez dirudi bide horretatik konponbidea etorriko denik ez Espainiako Estatuan eta ez Hego Euskal Herrian, argi ikusi baita etxejabeek zer egin duten erkidegoek gisa horretako laguntzak abian ipini dituztenean: alokairua garestitu. Alokairuen prezioari mugari ipini ezean, maizterrek hor izango dute aukera berriz ere.