argia.eus
INPRIMATU
Neurokirurgia arloko presidentea ere inputatu dute Osakidetzako oposaketen harira
  • Epaileak ikerketapean zegoen Neurokirurgia arloko presidentea inputatu du, eta hogeita lau lekuko deklaratzera deitu.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 16a

2016-2017ko Osakidetzako lan-eskaintza publikoko iruzur auziagatik, fiskal nagusiak ikerketapean jarri zituen Anestesiologia, Angiologia eta Digestio Aparatu arloak. Horrez gain, epaileak Neurofisiologia eta Neurokirurgia susmopean jarri zituen, eta berriki inputatu egin du azken arlo horretako tribunaleko presidente Covadonga Fernandez. Hernandez inputatzearekin batera, 24 lekuko deklaratzera deitu ditu.

Fernandezen kontrako salaketa LAB sindikatuak jarri zuen, eta aintzat hartu du epaileak. Deklaratu beharko dutenen artean daude zenbait espezialitatetan salaketa aurkeztu zuten profesionalak, azterketak egin zituzten medikuak eta beste espezialitate batzuetako tribunaletako presidenteak eta mahaikideak.

Epaileak orduko Osakidetzako zuzendaritza inputatzeko bidea irekita utzi du. Zuzendaritzak azterketak burutu aurretik lanpostuen “banaketa diskretua” egiteko eskura zituen baliabideak erabili zituela azpimarratu du LAB sindikatuak. Horrez gain, filtrazioak behin ezagutzera emandakoan “horiek ezkutatzen eta argitzea oztopatzen” aritu zela ere adierazi du.