argia.eus
INPRIMATU
Netflixen ikusi ahal izango da ‘Handia’ maiatzetik aurrera
  • Netflixek Handia filma eskainiko du maiatzetik aurrera. Xabier Berzosa Irusoin ekoiztetxeko kideak ETBri azaldu dionez, filma egin baino lehenago erosia zeukan plataforma digitalak.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 06a
10 Goya sari eskuratu ditu filmak, tartean gidoi onenarena (argazkian: Joxe Mari Goenaga, Andoni de Carlos, Aitor Arregi eta Jon GaraƱo saria jaso berritan).

Fermin Etxegoienek aurkezten duen ETB1eko Zinez saioak programa berezia egin du astelehen honetan Handia filmari buruz, Espainiako zine akademiaren Goya sarietan jaso dituen hamar sariak direla-eta.

Sari banaketako une gogoangarrienak eskaintzearekin batera, Etxegoienek elkarrizketa egin dio filmaren ekoizpenean parte hartu duen Irusoin produktorako Xabier Berzosari eta, besteak beste, Netflix plataforma digitalarekin sinatutako akordioaren xehetasun batzuk eskaini ditu.

Tartean, oso ezaguna ez zen datu bat eman du: Netflixek filma egin baino lehenago erosi zuela Handia, eta erosketa horrek ekarri duen dirua izan dela gakoa Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendu duten pelikularen aurrekontua inoiz euskarazko film batek eduki duen handiena izan dadin.

Berzosak azaldu duenez, hiru milioi euro inguruko aurrekontua izan du Handia-k eta horren erdia, gutxi gorabehera, euskal ekoizpenek normalean lortu ahal izaten ez dituzten bideetatik etorri da: atzerriko banatzaileak eta plataforma digitalak.

Netflixek ez du publikoki esan zehazki zenbat ordaindu duen. Bai ordea noiztik egongo den ikusgai plataforma horretan: aurtengo maiatzetik aurrera izango da.

Hori baino lehenago ere izango da aukerarik Handia plataforma digitaletan ikusteko, nolanahi. Filmin-en, adibidez, ostiral honetatik aurrera ikusi ahalko da.