En el nombre de ellas dokumentalean agertzen diren biktimek eta ekoiztetxeak eskerrak eman dizkie plataformari "ausardiagatik" eta beren historia kontatzeagatik. Disney+ 2022ko azaroan zen dokumentala estreinatzekoa, baina atzera egin zuen.
Netflix plataformak Kote Cabezudoren auziari buruzko En el nombre de ellas dokumentala emango duela iragarri du. Oraindik ez dute estreinaldiko data publiko egin, baina plataformak esan du "laster" izango dela.
Señor Mono ekoiztetxe madrildarrak egin du dokumentala. Iñigo Perez-Tabernero ekoizleak eta Eduardo Mendoza zuzendariak oharra plazaratu dute plataformaren erabakiaren aurrean. Azaldu dute haiek, kazetari gisa, prozesu judizialeko gertakariak kontatu dituztela "zehatz mehatz", eta ikusleak aterako dituela ondorioak. Uste dute dokumentala ikusten dituen guztiak hunkituko dituela. Azpimarratu dute inoiz egin duten dokumentalik "gogorrena" eta "ekoizteko zailena" izan dela. Salatu dute gizartearen isiltasunak "betikotu" egiten dituela abusu sexualak, eta lan honekin isiltasunaren aurka beren hondar alea jarri izana espero dutela.
Dokumentaleko protagonistak diren zortzi biktimek ere oharra plazaratu dute. Adierazi dute dokumental honekin lortu nahi dutela isilean dauden biktimei babesa eskaintzea eta hitz egitera bultzatzea. Eskerrak eman dizkie Señor Mono ekoiztetxeari eta Netflix plataformari, beren historia kontatzeagatik.
Disney+ plataformaren isiltasuna
Hasieran, Disney+ Españak erosi zituen dokumentalaren emisio eskubideak, eta 2022ko azaroan zen estreinatzekoa. Ordea, emisio eguna baino egun bat lehenago, bertan behera utzi zuen estreinaldia.
Plataforma horrek atzera egin ostean, dokumentalean agertzen diren Cabezudoren zortzi biktimek oharra plazaratu zuten, gertatutakoa urratsez urrats azalduz eta beren haserrea adieraziz. Oharrak dioenez, 2021eko abenduan plataformak dokumentala erosi zuela argitaratu zuen prentsan. Geroztik, trailerra egin zuen eta eta dokumental osoa hainbat kazetari eta influenceri bidali zien. Ondoren, Sr. Mono ekoiztetxearekin sinatu zuen irizpide juridiko bat, demandarik egotekotan erantzukizun osoa ekoiztetxearen gain eror zedin. Azkenik, Disney+ek, "inolako azalpen publiko koherenterik eman gabe", eta biktimekin harremanetan jarri gabe, dokumentala ez ematea erabaki zuen.
Biktimek adierazi zuten "erabat traizionatuta" sentitu zirela Disney+ España plataformaren aldetik eta dokumentala ez emititzeko ardura zuten Simon Amselem eta Vincent Sourdeaurengatik. "Gure minarekin, gure duintasunarekin eta gure konfiantzarekin jolastu dute". Hala ere, oharreko azken puntuan adierazi zuten beren historia "bai ala bai" ezagutuko zela. Eta badirudi Netflixek emango diela aukera.
28 urte eta bi hilabeteko espetxe-zigorra
Kote Cabezudo argazkilari donostiarra da, eta sexu izaerako hainbat eraso egiteagatik espetxean dago. Sexu abusu bat, bortxaketa bat, haur pornografiari lotutako sei delitu eta eta hainbat modelori iruzur egiteagatik beste bi delitu leporatzen dizkiote, eta hamazazpi emakumeren salaketak hartu dituzte kontuan. Epaiketan, akusatuta zegoen beste 217 delitugatik absolbitu egin zuten.
28 urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zizkion Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 2022ko ekainean. Argazkilariaren defentsak epaiaren aurka helegitea jarri zuen, eta martxo hasieran Auzitegi Gorenak bere horretan berretsi egin du Probintzia Auzitegiaren erabakia. 2013an jarri zituzten Cabezudoren aurkako lehen salaketak, eta 2018ko maiatzetik dago espetxean.