argia.eus
INPRIMATU
Netflixek euskaratutako 70 telesail eta film eskainiko ditu aurten
  • Euskaraz azpititulatutako edo bikoiztutako 70 ikusentzunezko eskainiko ditu 2022 urte bukaerarako plataforma estatubatuarrak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika sailak hainbat bilera egin ditu Netflixekin, baina plataformaren hitzetan, berak finantzatuko du ekimen hau, etorkizuneko Ikusentzunezkoen Legeak behartuko baitu bere edukien %6 hizkuntza koofizialetan eskaintzera.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 15
Aurten estreinatuko den The Mother filma izango da Netflixek euskaraz emango duenetako bat.

Nazioarteko telesail hautatuak azpititulatu egingo ditu Netflixek eta haur eta familientzako filmak bikoiztu, euskaraz, katalanez eta galegoz. Azpitituluak eta bikoizketak prest eduki ahala eskainiko ditu eduki horiek bere streaming plataforman, eta urte bukaerarako 70 izango direla iragarri du. Urtero euskarazko eduki gehiago igoko dituztela hitzeman du Netflixek.

Azpititulatutako kopurua hamar bider handiagoa izango da bikoiztutakoa baino: nazioarteko 200 ordutik gora film eta telesail azpititulatuko ditu euskaraz, eta haur eta familientzako filmen 20 ordu bikoiztuko.

Itzuliko diren lanen artean daude Emily Parisen telesaila eta laster estreinatuko diren The Mother, Garra, Sandman eta Pinotxo.

Miren Dobaran: "Beharrezkoa da euskarak lekua izatea horrelako plataformetan"

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranen hitzak jaso ditu Deia egunkariak: "Egin ditugun bileretan, Jaurlaritzatik bultzatu duguna izan da haurrentzako edukiak bikoiztea eta publiko orokorrarentzako eskaintza azpititulatzea, eta Netflixek hori ulertu eta errespetatu du. Euskara orain presente egongo da Netflix ari den 190 herrialdetan, hautatutako edukietan, eta bera, nahi duenak kontsumitu ahalko ditu euskaraz ere badauden edukiak". (...) "Beharrezkoa da euskarak bere lekua izatea platafroma hauetan eta lanean jarraitzen dugu gainerako plataformak ere gurdi honetara igo daitezen".

Eskaera hau aspalditik egin du Netflix Euskaraz ekimen herritarrak.