argia.eus
INPRIMATU
Netflix gainbehera, bai harpidetzatan, bai burtsan: zergatik?
  • Netflix plataformak aste honetan iragarri du harpidedun asko galdu duela urte hasieran. Hamar urtean lehenbiziko aldia da ikus-entzunezkoen erraldoiak horrelako albiste bat ematen duela eta notiziak eragina izan du enpresaren burtsako prezioan ere.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko apirilaren 22a

200.000 harpidedun gutxiago 2022ko lehen hiru hilabeteetan. Azken urtean harpidedunen hazkundea mantsotzen ari zelako sumatzen hasiak ziren problemak orain begi-bistakoak bihurtu dira. Bukatu dira COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriek Netflixi ekarri zizkioten urrezko urteak?

Momentu batean, 2020ko apirilean, petrolio-enpresen burtsako balioaren pareraino iritsi zen streaming plataforma ezagunena, baina urtea hasi zenez geroztik puxika airea galtzen ari da. Iazko azaroan Netflixek 283.000 milioi euro balio zuen burtsan, orain berriz, 91.800 milioi, ekonomian espezializatutako Bloomberg hedabidean Lucas Shaw kazetariak nabarmendu duenez.

Bezero-galera horrek ondorioak izan ditu aste honetan enpresaren akzioen balioan ere: %35eko galera jasan dute eta horrek gainontzeko streaming plataformen aurkako domino-efektua eragin du: Disney, Warner eta Paramounten akzioen salneurria %5 eta %8 artean erori zen aste honen erdialdean.

Baina beste lehiakide batzuei ez doakie hain gaizki: HBO Max plataformak, adibidez, iragarri du hiru milioi harpidedun gehiago lortu dituela eta notizia horrek Netflixen aste beltza are gehiago ilundu du.

Airean dagoen galdera da: zerk eragin du gainbehera? The Guardian egunkariko Andrew Lawrencen ustez, plataformaren eskaintza bera bihurtu da arazoa: bere burua ikusi du Netflixeko katalogoan barrena, 1990eko hamarkadako kable bidezko telebistaren ikuslea balitz bezala, “helbururik gabe noraezean, zerbait, edozer ikusi nahian”.

Beste arrazoi batzuk aipatu ditu enpresak, Ukrainako gerratik hasi eta erabiltzaileek euren pasahitzak partekatzeko duten joeraraino. Eta horietako batzuen eragina handia izan daitekeen arren –Errusian milaka harpidetza eten dira otsailaren 24az geroztik–, pandemiaren aurkako neurriak lasaitzeak eta, beraz, etxetik kanpoko aisialdi-aukerak ugaritzeak ere eragin handia izan dezake.

Gainera, geroz eta lehia bortitzagoa sumatzen da ikus-entzunezko streaming plataformen artean. Azken bi urteetan hazkunde handia izan dute alor horretako enpresek, pantailen aurrean dauzkagun ohitura berriek eraginda. Baina bezeria berri hori harrapatzeko inbertsio erraldoiak egin behar dituzte etengabe, bai esponentzialki hazi den eskariaren aurrean katalogoa hornitzeko, baita alor teknologikoan ere, hainbeste erabiltzaileri zerbitzu ona eskaini ahal izateko.

Apirileko Netflixen txakalaldia ikusita, bat baino gehiago akordatu da aurtengo otsailean Metak –lehen Facebook– burtsan jasan zuen kolpeaz, antzeko arrazoiengatik –erabiltzaile galera–. Gerrak, inflazioak eta oro har ekonomiaren alorrean nagusitzen ari den segurtasun ezak, beharbada, beste mota bateko negozioetan inbertitzera eraman ditu konpainia erraldoietan dirua sartzeko ahalgoa dutenak.