argia.eus
INPRIMATU
Netflix Euskaraz taldearen kanpaina babestu du euskalgintzak
  • Kanpainaren bultzatzaileek apirilaren 15erako 10.000 sinadura lortzea erronka jarri zuten eta 10.500 sinadura inguru dituzte jada. Abenduaren 3rako 20.000 sinadura lortzea espero dute. Euskalgintzako eragileen babesa jaso du Netflix Euskaraz taldeak.

     

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 19a
Argazkia: Netflix Euskaraz

Netflix Euskaraz herritar taldeak agerraldia egin du Durangoko Landako gunean. Euskalgintzaren, ikus-entzunezko sektorearen eta euskal komunikazio esparruko eragile askoren babesa jaso du taldeak. Euskarak ere streaming bidezko plataformetan bere lekua izan behar duela azpimarratu dute.

Ondoko eragileek babestu dute Netflix Euskarazen kanpaina: Euskaltzaleen Topagunea, Euskalgintzaren Kontseilua, UEMA, Tinko Euskara Elkartea, Disney + Euskaraz taldea, Bieuse, Ibaia Ikus-entzunezko Elkartea, Napar Ikus-entzunezkoen Ekoizpen Elkartea, Euskal Hedabideen Behategia, Hekimen, UEU, Euskal Herrian Euskaraz, AEK, Tokikom, Game Erauntsia eta Euskal Encodings.

Netflix Euskaraz taldearen egitasmoaren helburua euskaldunok Netflixeko edukiak euskaraz ikusteko aukera izatea da eta horretarako sinadura bilketa egiten ari dira. 10.000 sinaduren langa gaindituta eta euskal herritarrek emandako erantzuna ikusita, abenduaren 3ra arte luzatu da sinadura bilketa eta egun horretarako 20.000 sinadura lortzea espero dute. 

Euskal Herriko erakundeei dagokiela euskaldunon eskubideak bermatzea salatu dute ekimeneko kideek. Datozen asteetan, Espainiako Kongresuan, Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokor berriaren gaineko eztabaidan, alderdi politikoek euskal hiztunen eskubideak defendatzea eskatu diote alderdi politikoei.

Euskararen aldeko apustua

Durangon egindako agerraldian, pantaila digitaletan euskararen presentziaren aldeko beste bi ekimen ekarri dituzte gogora: Disney + Euskaraz eta 3.000 Twitz. Disney Euskaraz taldekoek ia 6.000 sinadura bildu dituzte eta 3.000 Twitz egitasmoak 4.000 inguru. Azken honek gaur egun modan dagoen Twitch plataforma euskaraz egotea eskatzen du.