argia.eus
INPRIMATU
Netanyahuk erreforma judiziala atzeratu du, protesta erraldoiek jarraitzen dute
  • Israelgo lehen ministroak Ben Gvir eskuin muturreko ministroarekin akordatu du erreforma judiziala maiatzera atzeratzea. Urtarriletik ari dira protestan herritarrak, gobernuak Auzitegi Gorenari eskumena mugatuko liokeen erreformaren aurka. Igandean gutxienez 650.000 manifestarik hartu zituzten hirietako kaleak, eta istilu gogorrak izan dira Poliziarekin.

Leire Artola Arin 2023ko martxoaren 28a

Hamabi astez luzatzen ari dira protestak Israelen, eta azken egunetan gogortu egin dira kaleetako aldarriak. Manifestariak sutu zituen igandean Benjamin Netanyahu lehen ministroak kargugabetu izana Yoav Galant Defentsa ministroa. Azken horrek larunbatean adierazi zuen erreforma gelditu beharko litzatekeela, eta gobernuburuak erantzun zion “gobernuaren konfiantza galdu” zuela eta ministro kargutik kenduko zuela.

Ondorioz, gutxienez 650.000 lagun irten ziren protestara, batik bat Knesset-en aurrean, Israelgo Parlamentuaren aurrean, eta Netanyahuri desadostasuna adierazi zioten. Polizia eta manifestarien artean liskarrak izan dira, eta dozenaka lagun atxilotu dituzte, The Guardian egunkariak jakinarazi duenez. Inoizko protestarik handienak izaten ari dira Israelen, eta langileek greba orokorrera deitu dute.

Bozketak maiatzera atzeratuta

Astelehenean jakinarazi dute erreforma judizialaren prozesua atzeratu egingo dutela, akordio batera iritsi direlako Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko eskuin muturreko ministroa eta Netanyahu lehen ministroa. Gobernuburuak adierazi du ez dagoela prest “nazioa erdibitzeko”, eta “gerra zibila saihesteko” eztabaidarako tartea utzi nahi duela.

Apirilean etenda egongo dira negoziazioak, juduen pazko ospakizunengatik, eta maiatzean berrekingo diote eztabaidari, uztailera arteko epea jarrita. Otsailaren 20an parlamentuan onartu zuten erreforma judizialaren lehen bozketa, aldeko 63 botorekin (61 behar zituen gainditzeko); beste bi bozketa gainditu beharko ditu erreformak, oposizioaren babesa lortuta.

Negoziazioak atzeratzearen truke, Netanyahuk baimendu du Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroak gidatuko duen guardia nazional bat sortzea; kezka piztu du horrek, kontuan izanda Ben Gvirren eskuin muturreko ideologia. Azaroko hauteskundeez geroztik historiako gobernurik eskuindarrena du Israelek, The Guardianek gogorarazi duenez.

Auzitegi Gorenaren eskumenak parlamentuari

Netanyahuren gobernuaren esanetan Auzitegi Gorenak gehiegizko boterea du, eta hori aldatzeko ezarri nahi du erreforma. Eskumenak kendu nahi dizkio, Knesseten eskuetan uzteko, alegia, gobernuari botere handiagoa emateko.

Parlamentuko gehiengo sinplearen bidez (120 parlamentaritik 61en babesa izanda) Auzitegi Gorenaren epaiak indargabetzea ahalbidetuko luke erreformak, eta eskumen gehiago emango lizkioke botere politikoari auzitegiko epaileak izendatzeko. Israelgo herritarren eta oposizioaren kritikak jasotzeaz gain, nazioarteko agintari zenbaitek ere desadostasuna adierazi dute. Adituek ohartarazi dute Auzitegi Gorenak “ezinbesteko papera” betetzen duela Israelgo kontrolerako eta orekarako, izan ere, Israelek ez dauka konstituzio formalik, ezta beste ganbera judizialik ere.

Krisi politiko sakona

Erreforma judiziala lehen ministroaren mesedetarako egin nahi dutela salatu dute beste batzuek, Netanyahu ustelkeriagatik epaitzen ari baitira. Auzibide horren ondorioz lau urteko krisi politikoa dago Israelen, zalantzan jartzen baitute ea estatua gobernatzeko baldintzetan dagoen. 2019tik bost hauteskunde izan dira, eta ez dute lortu gobernu egonkorrik eratzea. Azaroan hauteskundeak irabazi zituen eskuin muturreko alderdi erlijiosoen blokeak, Netanyahuren Likud alderdia buru duenak, eta historiako gobernurik eskuindarrenak agintzen du ordutik.