argia.eus
INPRIMATU
Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada
  • "Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean atzeratzeko erabakia hartu ondoren.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 12a
Gazako sarraskiaren aurkako manifestazio bat, Kanadan pooyan (CC BY-NC-ND 2.0)

Astelehenean Hamasek kinka larrian utzi zuen duela hiru aste Israelekin sinatutako su-etena: behin-behinean atzeratu zuen larunbatean bi aldeak egitekoak ziren bahitu israeldarren eta preso palestinarren arteko trukea. Talde palestinarraren erabakiaren aurrean, orain arte Gazan gutxienez 47.000 palestinar hil dituen sarraskiari berrekiteko mehatxuak egin dituzte Donald Trump AEBetako presidenteak nahiz Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk.

Etxe Zuriko maizter berriak asteartean ohartarazi zuen Hamasek aste honetarako aurreikusita zegoen preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtzen utziko diola Israeli. Netanyahuk, egun berean sare sozialetan argitaratutako bideo batean, Trumpen mehatxuak berretsi zituen, eta beste hainbat mezutan Israelgo armadari Gazako Zerrendaren barnealdean nahiz kanpoaldean "indarrak hartzeko" agindu dio.

Hamasen adar armatuak, Al-Qassam Brigadek, astelehenean argitaratutako komunikatu batean salatu zuenez, Israelek meniako hainbat baldintza "behin eta berriz" urratzeak eragin die preso trukea bertan behera uzteko erabakia hartzea. Hamaseko zuzendaritzako kide batek Reuters berri agentziari asteartean adierazi zioenez, oraindik Gazan gatibu dauden israeldarrak itzultzeko aukera bakarra Israelek su-etenaren neurriak "errespetatzea" da.   

Giro zatitua Israelen

Su-etena baliogabetzeko arriskuaren aurrean, Israelgo giro politikoan nahiz zibilean bi ikuspegi ezberdin nagusitu dira azken orduetan: eskuin muturreko politikari ugarik Trumpen mehatxuak babestu dituzte eta Netanyahuri akordioa haustea eskatu. Esaterako, Bezalel Smotrich Finantza ministroak bere sareetan "guztiak aske, orain!" mezua argitaratu zuen asteartean gatibu israeldarren inguruan.

Halaber, Israelgo hiriburuan, Tel Aviven, azken orduetan bahitu israeldarren familiako kideek manifestazioak eta protestak egin dituzte Netanyahuren aurka, eta gatibuak Gazatik itzuli daitezen su-etena errespetatzea exijitu diote lehen ministroari.