argia.eus
INPRIMATU
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako
  • Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu sionisten gerra kabinetean.

Jon Hidalgo Gereñu 2024ko maiatzaren 17a

Gazako genozidioak zazpi hilabete daramatzanean, gobernu sionistan desadostasunak azaleratzen ari dira Gazako erasoaldien ondorenari buruz, indar kolonizatzaileak erabaki nahi duelako nork aginduko duen Gazan “gerra osteko” eszenatokian. Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki kritikatu du Netanyahuk planik ez izatea eta, hedabide ugariren arabera, agerian utzi du Israelgo gerra kabinetean dagoen zatiketa Gazaren etorkizunerako estrategiari dagokionez.

Gallant Defentsa ministroak ohartarazi du “bide arriskutsua” zabaltzen duela lehen ministroaren jarrerak, Gazan Israelgo kontrol zibil eta militarra egongo denaren ideia zabaltzen duelako. “Erabakirik eza erabaki bat da bere horretan”, esan du Gallantek. Netanyahuk adierazi du ez duela zentzurik gerra osterako plan bat egiteak Hamas guztiz suntsitu aurretik.

Eztabaida puntu nagusia da, Axios hedabidearen arabera, ea Palestinako Aginte Nazionala Israelen “kidea” izango den ala ez Gazarako norabide berri bat ezartzeko orduan. Gallant ministroaren ikuspegia PANekin “elkarlanean” aritzearen aldekoa da eta, Axiosen esanetan, iritzi berekoa da Israelgo segurtasun eta inteligentzia komunitatearen gehiengoa. Gallantek adierazi du Israelek kontrol militar eta zibila inposatu beharko lukeen edozein eszenatokik kalte egingo liekeela estatu sionistaren botere militarrari eta ekonomiari. Benjamin Netanyahuri dei egin dio publikoki esan dezan Israelek ez duela Gazaren kontrola hartuko eta Hamasen alternatiba izango den beste gobernu bat “berehala” ezarriko dela bertan.

Netanyahuren ezezkoa

Netanyahu eta bere eskuin muturreko aliatuek adierazi dute Palestinako Aginte Nazionalak terrorismoa babesten duela, eta gerra ostean PAN lidergo postuan jartzearen aurka agertu dira. Benjamin Netanyahuk aste honetan argitaratutako bideo ofizial batean erantzun die Yoav Gallanten kritikei, esanez ez dagoela prest “Hamastan Fatahstanen” ordez aldatzeko, erreferentzia eginez Palestinako Aginte Nazionalaren buru den Fatah alderdiari, egun Zisjordaniako gobernu ofiziala dena.

Itamar Ben Gvir eta Bezalel Smotrich Netanyahuren gobernu koalizioko kideak dira, Segurtasun eta Finantza ministroak hurrenez hurren, eta lehen ministroari eskatu diote Gallant postutik bota dezala. Ben Gvir eta Smotrichek azken asteetan adierazpen ugari egin dituzte esanez Gaza osoa hustu eta kolonoen asentamentuak ezarri beharko liratekeela. Lehenago ere askotan egin dituzte adierazpenak palestinar guztiak hil edo kanporatzearen alde.

AEBak Gallanten alde

Axios hedabideak jakinarazi du, Joe Bidenen administrazioko iturriek aitortu diotenez, ados daudela Defentsa ministroak egindako adierazpenekin. Bidenen administrazioak kezka berbera omen du Israelen plan faltaren inguruan, horrek ekar dezakeelako Hamas berrindartzea zonalde horietan. “Gure helburua Hamas suntsituta ikustea da”, esan dute AEBetako gobernuko iturriek. Israeli eskatu diote erasoaldien osteko estrategia landu dezala.

Sionistek eta AEBek Palestinan nork aginduko duen eztabaidatzen duten bitartean, Gazan ez da hauteskunderik izan 2006. urtetik. Hamasek irabazi zituen orduan, eta Fatahrekin koalizio gobernu bat osatu zuen, Ismail Haniyeh Hamaseko ordezkaria izendatuta Palestinako Aginte Nazionalaren buru. Fatah eta Hamasen arteko liskar handien ondorioz, hitzarmena apurtu eta Hamasek hartu zuen Gazako gobernuaren kontrola 2007an. Agintean izan da ordutik. Egungo Gazako biztanleen erdia baino gehiago adin txikikoa da, jaio gabe zeuden azken hauteskundeen urtean.