Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen Israelgo Armadak, eta NBEak gosete arriskua areagotzen jarraitzen duela adierazi du.
Israelgo eta Gazako gobernuen ordezkarien arteko elkarrizketak Egipton burutu dira, herrialde horren, AEBen eta Qatarren bitartekaritzarekin. Berria-k argitaratu duenez, Israeleko hedabide batzuen arabera Israelen proposamena da 40 egun horietan “milaka” preso palestinar eta Hamasek urriaren 7tik gatibu dituen 130 presoak askatzea; beste hedabide batzuek diote, aldiz, Israelek 900 preso askatuko lituzke, eta Hamasek 33.
Eskuzabaltasuna
Israelen proposamena “oso eskuzabala” dela adierazi dute AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek eta David Cameron Erresuma Batuko Atzerri ministroak. Blinkenek esan du su-etenerako “oztopo bakarra” Hamas dela, eta dei egin dio Israelen baldintzak “azkar” onartzera. “Mundu osoak haiei begira egon beharko luke, eta esan: 'Akordioa onar ezazue'”, bota du Cameronek.
Osama Hamdan Hamaseko bozeramaleak, aldiz, ukatu egin du Israelgo Gobernuaren proposamena eskuzabala denik: “Herritar zibilen kontrako erasoak gelditzea ez da eskuzabala. Krimen bat egiteari uzten zaionean, ezin da esan hori eskuzabala denik”.
Inbasioa su-etenarekin edo gabe
Testuinguru horren erdian, “akordioa egon zein ez egon” Israelgo Armadak Rafahko inbasioa burutuko duela adierazi du Netanyahuk asteartean, “Hamaseko batailoiekin amaitzeko”. Lehen ministroaren esanetan, Hamasen lau batailoi daude Rafahn. Hiri horretan milioi eta erdi palestinar daude, erabat pilatuta eta beharrizan larrian. “Tokiz kanpo dago pentsatzea gerra etengo dugula helburu guztiak bete aurretik”, idatzi du sare sozialetan lehen ministroak. Igandean, kontrakoa adierazi zuen Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak Channel 12 telebistan: "Bahituak askatzea oso garrantzitsua da guretzat; beraz, bai: akordioa lortzen badugu, operazioa bertan behera geratuko da".
Bitartean, Israelen erasoek ez dute etenik: astelehenean beste 47 palestinar hil zituen Israelgo Armadak. Asteartean, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi du Israelek apirilean iragan hilabetetan baino laguntza gehiago sartzen utzi badu ere, ez dela nahikoa gosetea sortzeko joera aldatzeko.