Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoaren jarduera eta azaroaren 2an haren bulegoa miatu zuen.
Lehendik ere sarritan atera izan da Benjamin Netanyahu lehen ministroak bazekiela urriaren 7an Hamasek egin beharreko erasoaz, edo behintzat zerbait esanguratsua gerta zitekeela. Israelgo justizia egiten ari den ikerketaren testuinguruan, ordea, armadako txosten batean aipatzen da nola inteligentzia zerbitzuetatik jakinarazi zitzaion lehen ministroari zerbait gertatzen ari zela Hamaseko milizianoen artean.
Txostenak zioen urriaren 6an Hamaseko kide kopuru esanguratsu batek aktibatu zituela Israelen hitz egin ahal izateko telefonoetako SIM txartelak. Ondorioz, alarmak piztu ziren eta urriaren 6tik 7rako gauean hainbat bilera izan ziren segurtasun arazoez aritzeko, eta horietan Natanyahuk ere parte hartu zuen.
Gaiari buruz hitz egiten duten Israelgo hedabideetan ez da ageri bilera horiei buruzko informazio gehiago, baina edozein kasutan, erabaki zen ezer ez egitea, eta ondorioz, ez zen antolatu segurtasun sistema berezirik. Bai lehen unean, bai ondoren ere, Netanyahuren bulegoak etengabe ukatu du zerbait jakin izana eta, are gehiago, ezer ez jakitearen erantzukizuna segurtasun indarren gainean jarri izan du. Edozein kasutan, orain arte Netanyahuk uko egin dio beti gaiari buruzko ikerketarik irekitzeari Israelgo Legebiltzarrean.
Besteak beste, Moon of Alabama blogean irakur daitezke aipatutakoak, eta egileak ondorio zorrotzak ateratzen ditu: “Netanyahuk bazuen erasoen berri eta hasieratik egon dira horren susmoak, orain badakigu hala izan zela”. Egilearen arabera, harrigarria da Mendebaldeko hedabideek ezer gutxi aipatu dutela ikerketa eta salaketa hauei buruz, eta salbuetsi du Seymour Herst kazetari beterano ezaguna, zeinak astearte honetan idatzi duen gaiaz.
Lehen atxilotuak
Matazak korapilatzen jarraitzen du eta dagoeneko, Menachem Mizrahi epaileak auziaz lotutako armadako eta gobernuko bost goi kargu atxilotu ditu. Hamasek bahitutakoen senideek behin baino gehiagotan bizkarreratu dizkiote bi akusazio handi Netanyahuri: batetik, informazioa zuela Hamasen urriaren 7ko erasoaren aurretik; eta bestetik, bahituei buruzko informazioa manipulatu izana bere mesedetan.
Bahituei dagokienez, orain ezagutzen ari den informazioaren arabera, Netanyahuren bulegoko arduradun batzuek bahituei buruzko informazio faltsua zabaldu izan dute. Antza, armadako inteligentzia zerbitzuen txosten bat manipulatu zuten eta nazioarteko hainbat hedabidetara filtratu, adieraziz Yahya Al Sinwar Hamaseko buruzagiak Iranera ihes egin behar zuela Egiptotik barrena eta bahituak berarekin eraman behar zituela.
Filtrazioen helburua zen nazioarteko hainbat hedabidek albistea argitaratzea, eta horrela Israelgo hedabideek haiei oihartzun egitea. Bahituen senideen aburuz, Netanyahuk baliatu zituen informazio horiek une zehatz batean bahituen askatasunari buruz ematen ari ziren negoziazio baikorrak bertan behera uzteko.
Akten manipulazio saioa
Baina beharbada, Netanyahuren bulegoari egiten ari zaion akusazio larriena da saiatu dela urriaren 6aren eta 7aren artean izandako goi mailako bileretako aktak manipulatzen. Israelgo Kan telebista publikoaren arabera, Herzi Halevi armadako Estatu Goreneko buruak duela hilabete batzuk jaso zuen kexu-mezu bat adieraziz Netanyahuren bulegoa modu desegokian erabiltzen ari zela armadako ofizial bati buruzko informazioa.
Informazio horren arabera, Netanyahuren bulegoko hainbat pertsonak xantaia egin zioten armadako ofizial bati urriaren 6-7ko segurtasun bileren aktak aldatzeko, bestela armadako beste emakume batekin izaten ari zen "harreman desegokiei" buruzko "irudi sentsibleak" argitaratuko zituztela esanda.
Armadak harreman horiei buruzko ikerketa egin zuen eta ebatzi zuen harreman horretan ez zela botere abusurik egon ofizialaren aldetik. Lehenago, halaber, Netanyahuren bulegoko hainbat pertsonak telefonoa kendu zioten emakume horri, hark informazio sentsiblea filtratu zuela leporatuta, baina Netanyahu ikertzen dutenen susmoa da ekintza horren bidez ofizialarekin zuen harremanari buruzko informazioa nahi zutela.