argia.eus
INPRIMATU
Netanyahuk “batasun gobernua” lortu du Israelen orain arte oposizioko liderra izan den Gantzekin
  • Hemezortzi hilabetez izango da lehen ministro Benjamin Netanyahu, Benny Gantz, orain arteko oposizioko liderra, Defentsa ministro duela. Datorren urteko urrian aldatuko dituzte postuak eta Gantz bilakatuko da lehen ministro, Netanyahu lehen ministro orde duela. Legealdia hiru urtera laburtu dute.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 21a
Netanyahu eta Gantz Reuven Rivlin Israelgo presidentearekin.

Hamasei hilabetez egon da gobernurik gabe Israel. Hiru hauteskunde eta pandemia bat behar behar izan dituzte bi alderdi nagusiek, Likudek eta Urdina eta Zuriak, akordio batera heltzeko. Netanyahuren aldekoa izan da akordioa, bere alderdiaren eta berarekin gobernua osatzen duten gainontzeko alderdi ultraeskuindar eta ultraortodoxoen eskuetan geratu baitira Finantza, Osasun, Barne segurtasun eta Hezkuntzako Ministerioak, besteak beste.

Gantzen alderdiak, Urdina eta Zuriak, hiru hauteskunderen ostean indarrak galdu ditu eta orain arte onartezintzat jo zituen baldintzak onartu ditu orain, Netanyahuk hurrengo fiskal nagusiaren izendapenean beto eskubidea izatea, adibidez. Gantzen alderdiaren eta aliatu laboristen esku geratu dira Kanpo harremanetako, Justiziako, Kultura eta Komunikazioetako Ministerioak, besteren artean.

Gantz Netanyahuren eskuetan

Bi alderdi buruen arteko negoziaketek ez zuten bide onik erakusten, eta astelehen goizean bertan akordiorik lortu gabe zeuden. Orduan Gantzek, Parlamentuko presidenteak, delituren batengatik akusatu duten inor lehen ministro bilakatzea debekatzen duen legea bozkatzea onartu du. Netanyahuk hainbat akusazio ditu ustelkeriagatik, eta horren ostean negoziaketak onartu dituzte bi alderdiek.

Aipatzekoa da martxoaren 2ko hauteskundeen ondoren, Israelgo presidente Reuven Rivlinek Gantzi eman ziola gobernua osatzeko ardura, Netanyahuk zituen akusazioak zirela eta. Azkenean, ordea, azken honen baldintzak onartu ditu gobernurako proposatutako hautagaiak.

Dena dela, Gantzek gauza askotan eman du amore Netanyahuren aurrean, alderdian barne-zatiketak bultzatzeraino. Berak bozkatzea onartutako legearen aurka egin du; Auzitegi Gorenak Netanyahuren inabilitazioa eskatuz gero Parlamentuaren disoluzioa aginduko duela hitz eman du. Netanyahurekin gobernurik onartuko ez zuela esanda ere, “batasun gobernua” onartu du, baita Zisjordaniako lurraldeen anexioa ere. Parlamentuko presidentetza ere eztabaidatzea onartu du. Erabaki horiek ekar dezakete Gantzek babes asko galtzea, egindako hauteskunde promesetako asko ez baititu bete.

Netanyahu ari da bihurtzen COVID-19ak eragindako krisiaren irabazle nagusia Israelen. Gobernu-akordioaz gain, larrialdi egoerak ia mugarik gabeko eskumenak eman dizkio.