argia.eus
INPRIMATU
Netanyahu eta zenbait agintari sionista atxilotuak izateko arriskuan?
  • Nazioarteko eta Israelgo hedabideek zabaldu dute Nazioarteko Zigor Auzitegiak (NZA) asmoa duela Israelgo zenbait agintari atxilotzeko, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egotzita.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 03a
Netanyahu Gazan, genozidioa aurrera eramaten ari diren soldaduei egindako bisita batean

Israelgo hedabideen arabera, auzitegiak datozen egunetan bidali ditzake atxilotze aginduak ondorengo buruzagien aurka: Benjamin Netanyahu lehen ministroa, Yoav Gallant Defentsa ministroa eta Herzi Halevi Israelgo armadako burua.

Ezbaian dago, baina, zer gaitasun duen NZAk Israel epaitzeko. Estatu sionistak ez du sinatu Erromako Hitzarmena, AEBek sinatu ez duten bezala, eta hitzarmen hori da Nazioarteko Zigor Auzitegiari epaitzeko ahalmena ematen diona. Horren ondorioz, Auzitegi horrek berez ez du eskumenik Israel ikertzeko. Baina, NZAk badauka eskumena ikertzeko estatu kide batek egindako krimenak edota estatu kide baten lurretan egin direnak. Palestina bada Nazioarteko Zigor Auzitegiko kidea, 2015ean Palestinako Aginte Nazionalaren eskaera onartu ondotik. Beraz, NZAk Zisjordanian eta Gazako Zerrendan egindako sarraskiak ikertu ditzake eta atxilotze aginduak bidali ditzake edonoren aurka, Israelgo soldadu eta agintariak barne.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak sare sozialetan adierazi zuen Israelek “ez duela onartuko beren autodefentsarako eskubidea zalantzan jarriko duen NZAren saiakerarik”. Gaineratu zuen, “Israelen ekintzak baldintzatuko ez baditu ere, NZAk aurrekari arriskutsu bat ezarriko lukeela”. Etor litezkeen atxilotze agindu hauez gain, Israelen bertan ere kezkatzeko arrazoiak ditu Netanyahuk, bi epaiketari egin beharko baitie aurre. Bata, ustelkeria karguak leporatzen dizkiona, eta bigarrena Urriaren 7ko segurtasun akatsei buruzkoa.